Gizartea -
eskaintza akademikoa
Mondragon Unibertsitateak 10 titulazio berri eskainiko ditu datorren ikasturtean
Unibertsitatearen 2019-2020 ikasturterako eskaintzak 31 titulazio izango ditu: 16 gradu eta 15 master. Gainera, Bilbon 5 titulu gehiago jarriko ditu abian, orain arte eskainitakoaren bikoitza.
eitb.eus
Mondragon Unibertsitateak 2019-2020 ikasturtean eskainiko ditu 31 titulazio (16 gradu eta 15 master), eta 18 dualak izango dira. Horietatik 9, ingeniaritza alorrekoak izango dira, 2 enpresa kudeaketakoak, ekintzailetzako 1, komunikazioko 1, hezkuntzako 2 eta gastronomiako 1. Unibertsitate masterren kasuan berriz, 15 eskainiko dira. Hauetatik 8 ingeniaritzakoak, 4 enpresa kudeaketakoak, 2 hezkuntzaren alorrekoak eta gastronomiako 1.
Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorearen hitzetan, «merkatuan eta hezkuntza-arloan antzeman ditugun beharrizanei erantzungo dien eskaintza akademikoa taxutu dugu, Mondragon Unibertsitateak hasiera-hasieratik eduki duen profil berritzailearekin bat jokatuz eta jardunean oinarritutako prestakuntza-ereduaren garrantzia begi-bistatik galdu gabe».
Mondragon Unibertsitateak 2019-2020 ikasturtean 10 titulazio berriak eskainiko ditu. Gainera, datorren ikasturtean Mondragon Unibertsitatea argi eta garbi finkatuko da Bizkaiko hiriburuan, 5 titulu gehiago jarriko baitira abian graduko nahiz graduondoko eskaintza akademikoan.
Hori horrela, gizartearen digitalizazioak dakarren datu-oldea analizatzeko eta datuok enpresarako balio bihurtzeko premia; digitalizazioa; zibersegurtasuna; prozesu industrialak eta robotak automatizatzeko eta adimenez hornitzeko beharra; irakasleak benetako egoeretan trebatzeko eta irakaskuntza-edukiak interes pertsonaletara eta hoteletako eta jangeletako profesionalen interesetara egokitzeko premia… horra hor Mondragon Unibertsitateak 2019-2020 ikasturtean titulazio berriak gehitzea eragin duten arrazoietako batzuk.
Honako hauek dira, zehazki, datorren ikasturterako berrikuntza akademikoak: Bilbon emango den Business Data Analytics Gradua, Euskadin lehenengoa; ibilbide dualeko Enpresa Administrazioa eta Zuzendaritza Gradua Bilbora iristea; Ikaskuntza Errazten eta Berrikuntzan Unibertsitate Masterra, estatu osoan bakarra; Robotika eta Kontrol Sistemak Masterra; Datuen Analisia, Zibersegurtasuna, eta Garapena eta Eragiketak Masterra, Euskadin bakarra; Food & Beverage Zuzendaritza Masterra; eta Jangelako Zuzendaritza Aditu Ikastaroa.
Atxak azaldu duenez, enpresek aspalditik eskatzen dituzte 4.0 industriaren iraultzak dakarren eraldaketa-prozesuak kudeatzeko eta zuzentzeko gai izango diren pertsonak eta datu-analisiko teknikak erabiltzen, produktuak zerbitzatzen eta datuak negozio-aukera bihurrarazten dakiten profesionalak.
Bestalde, Unibertsitatea finkatu egin da Bilbon, graduko eta graduondoko 5 titulu gehiago gehituz eskaintza akademikoan. Hasiera batean, Bilbora iritsiko diren titulu guztiak Bilbao Berrikuntza Faktorian emango dira.
Gainera, Mondragon Unibertsitateak modalitate dualeko eskaintza indartu du, beste 7 titulu gehituta.