Gizartea -

Iruñea

Maravillas gaztetxeko arriskuak 'larriagoak' direla uste dute teknikariek

Arratsaldean, zenbait gazte eraikinean sartzen saiatu dira, bere abokatuaren laguntzarekin, baina poliziek ez diete utzi. Foru Gobernuak ukatu arren, gaztetxea husteko operazioa dela salatu dute.

Gaztetxea, joan den abuztuko hustutzean. Artxiboko irudia: EFE
Iruñeko Maravillas gaztetxea.
Gaztetxea, joan den abuztuko hustutzean. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Goizean Iruñeko Maravillas gaztetxera sartu diren teknikariek egiaztatu ahal izan dutenez, Rozalejo markesaren jauregiko arriskuak abuztuan atzemandakoak baino "larriagoak" dira. Nafarroako Gobernuak oharra kaleratu du adituek Iruñeko eraikinari buruz egindako behin-behineko ikuskaritzari buruz.

Uxue Barkosek buru duen Gobernuak nabarmendu duenez, pertsonentzat arriskutsuak diren hainbat elementu topatu dituzte adituek Maravillas gaztetxean. Besteak beste, argindarra modu ilegalean hartua dute: fatxadan legez kanpoko lotura dute argindar banatzailearen sarearekin.

Teknikariak Foruzaingoaren babespean sartu dira eraikinera, egoera ikuskatzeko. Gaztetxearen barruan ez zegoen inor, Gobernuaren hitzetan.

Bestelako irakurketa egin dute Maravillas gaztetxeko kideek. Euren hitzetan, eraikina hustera sartu dira, hainbat objektu atera baitituzte. Hain justu, gertatzen ari zela salatzeko protesta egin dute ehun bat lagunek gaztetxearen kanpoaldean. Espainiako Polizia oldartu egin zaie, eta hainbat pertsona zauritu dira.

Arratsaldean, eraikina okupatzeagatik ikerketapean dauden lagunetako bi gaztetxean sartzen saiatu dira arratsaldean, haien abokatuarekin laguntzarekin, baina poliziek ez diete utzi.

Maria Ortega abokatuak azaldu duenez, eraikina ikuskatzera soilik sartu direla egiaztatu nahi izan dute bertara joanda; izan ere, goizean, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bozeramaileak ukatu egin du gaztetxea husteko polizia-operazioa dela.

"Hala bada, eta utzarazte bat ez bada, Foruzaingoak barruan sartzeko utziko digu", adierazi du inguruan bildutako kazetarien aurrean.

Alabaina, eraikinera hurbildu direnean, Espainiako Poliziak segurtasun hesia igaro eta gaztetxea sartzea galarazi die.

"Ez diguten sartzen uzten. Beraz, ondorioa argia da: gaztetxea jendez husteko operazioa da eta Nafarroako Gobernua gezurretan ari da, Ana Ollok bestelakoa esan arren", salatu du abokatuak.

Gaztetxean lanak egin dituztela egiaztatu dute teknikariek

Adituek egindako lehen balorazioaren arabera, "2018ko abuztuaren 20ko txostenean jasotako arriskuak larriagoak dira orain".

Teknikariek ohartarazi dutenez, instalazio elektrikoa zabaldu egin dute, eta "fatxadan legez kanpoko lotura dute argindar banatzaile sarearekin". Teknikarien ustez, argindar instalazioa "modu nahasian dago eginda eraikin guztian zehar, kable juntura desegokiekin".

Horrez gain, sukoiak diren hainbat objektu atzeman dituzte pilatuta (butano bonbonak eta beste).

Eraikinean "babesik gabeko gune irekiak" daudela ikusi dute, erorketak gertatzeko arriskua handia delarik.

 

Bizilagunek abenduan salatu zutenez, eraikin barruan lanen hotsak entzuten ziren

 

Nafarroako Gobernuak gogorarazi duenez, abenduan eraikin barrutik zarata ugari entzuten zirela salatu zuten hainbat bizilagunek. Uste zuten lanak egiten ari zirela. Foru Gobernuak, kezkatuta, gaztetxera sartzeko baimena eskatu zion Iruñeko 4. zenbakiko Epaitegiari. Argudiatu zuenez, "lanak arriskutsuak dira gaztetxean bizi direnentzat, eta kalteak egin ditzakete eraikineko elementu babestuetan".

Baimena lortuta, gaur goizean sartu dira teknikariak. Egindako txostena epaitegiari eta Iruñeko Udalari bidali dio Nafarroako Gobernuak.

Adituak jauregiaren barruan daude oraindik, ikuskatze sakonago bat egiten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Foruzaingoa Iruñeko Alde Zaharra Gazteak albisteak