Gizartea -
BILBO
Moma dantzalekua behin-behinean berriro irekitzea agindu du epaile batek
Bilboko Udalak alegazioak aurkeztuko dizkio epailearen erabakiari. Bien bitartean, dantzalekuak bigarren urteurreneko festa egingo du asteburuan.
EITB.EUS
Epaitegiek behin-behinean bertan behera utzi dute Moma dantzalekua ixteko Bilboko Udalak emandako agindua. Rodriguez Arias kalean dagoen dantzaleku ospetsua urtarrilaren 8tik 2020ko otsailaren 7ra arte ixtea erabaki zuen Udalak, gehiegizko zarata eragiteagatik. Moma aretoak erabakia helegitea jarri zuen epaitegietan eta justiziak aintzat hartu du.
Udalak, bere aldetik, datozen egunetan alegazioak aurkeztuko dizkio epailearen erabakiari.
Rodriguez Arias kaleko bizilagunek espero zuten albistea, duela bi urte ere epaileek bertan behera utzi zutelako itxiera agindua, baina harrituta gelditu dira epaileek erabakia hartzeko izan duten bizkortasunagatik.
Bestalde, hainbat funtzionarioren eta Udaleko kargu publikoen kontrako auzibidea abiatzea aztertzen ari dira.
Bien bitartean, dantzalekuak bigarren urteurreneko festa egingo du asteburuan. Sarrera doan izango da.