Gizartea -
Hartzak aske
Hartzen inguruko plan bat eskatu du Nafarroak 'Pirinio osorako'
Isabel Elizalde kontseilariaren esanetan, Frantziako Gobernuak hartutako "aldebakarreko" erabakia izan zen Pirinioetan hartzak aske uztea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Landa Garapen, Nekazaritza eta Abeltzaintza kontseilari Isabel Elizaldek baieztatu du Pirinioetan hartzak aske uztea Frantziako Gobernuak hartutako erabakia izan zela, eta horrek sortutako "arazoak" arindu nahian dabiltzala orain.
"Pirinio osoari eragiten dion plan bat garatu beharra dago, hots, Kataluniako, Frantziako eta Euskal Herriko mendi inguruak barne hartzen dituen egitasmo bat", esan du kontseilariak. Horretarako, 57 neurri aurkeztu ditu Nafarroako Gobernuak, eta plan horren garapenerako 150.000 euro bideratu ditu.
UPNk hala eskatuta, gai horretaz mintzatu da Elizalde, Parlamentuan. Hantxe azaldu duenez, ekainaren 8an izan zuten Frantziako agintariek hartutako erabakiaren berri. Hain zuzen ere, bi hartz aske uztea erabaki zuen orduan Frantziak.
Harrezkero, Nafarroako Gobernuak erabaki horrek eragindako "ezinegona" adierazi die Frantziako eta Espainiako gobernuei, "arazoak ekar litzakeela" eta "aldebakarreko erabakia" izan dela arrazoituta.
Izan ere, "atzera bota ezin den" erabakia dela kritikatu du Elizaldek. Halaber, ziurtatu du afera horretan nahastutako pertsonekin hainbat bilera izan dituztela, dela tokiko erakundeekin, dela abeltzaintzan diharduten beharginekin.
Gauzak horrela, talde parlamentariek aipatu departamentuaren lana eskertu dute, Frantziako Gobernuaren jokabidea irmoki kritikatzeaz gain.