Gizartea -
EPAIA
Urtebeteko zigorra ezarri diote PSGko zale bati, 2011n Bilbon istiluak eragiteagatik
Bizkaiko Auzitegiak zigorra eten du, delitu gehiago ez egiteko baldintzarekin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak urtebeteko zigorra ezarri dio Paris Saint Germain (PSG) talde frantseseko jarraitzaile bati, Bilbon 2011n izandako istilu larriak direla eta. Bi urtez zigorra etetea erabaki du Auzitegiak, delitu gehiago ez egiteko baldintzarekin.
Gertakariak 2011ko irailaren 29an jazo ziren, Areiltza Doktorearen zumarkalean, Athletic eta PSG taldeen Europa Ligako partida hasi baino lehen. Bost lagun zauritu ziren, horietako bat larri, eta kalteak izan ziren hainbat tabernatan.
PSGko zortzi jarraitzaileen aurkako epaiketa 2018 ekainean egin zuten, eta epaimahaiak bi urtetik beherako kartzela zigorrera kondenatu zituen. Orduan ere zigorrak etetea erabaki zuen Auzitegiak, delitu gehiago ez egiteko baldintzarekin. Orain zigortutako gizona ere epaiketara deituta zegoen, baina ez zen agertu. Azkenean, iazko irailaren 28an egin zuten haren aurkako epaiketa.
Epaiaren arabera, akusatuak eta gainerako zaleak Poza Lizentziatuaren kalera eta Areiltza Doktorearen zumarkalera joan ziren desordena publikoa eragiteko asmoarekin, eta hiri-altzariak zein ostalaritzako altzariak eraikinen eta oinezkoen kontra jaurtitzen hasi ziren.
Istilu horietan, terraza batean eserita zegoen bezero bat kolpatu zuten eta kopetan zauria egin zioten. Halaber, burezurreko traumatismo larria, buruzalean zauria eta besahezurrean luxazioa eragin zioten beste gizon bati.