Gizartea -
Jihadismoa
14 atxilotu Bartzelonan eta bat Malagan, jihadismoaren aurkako operazio banatan
Bartzelona hiriburuan eta Igualada herrian atxilo hartutakoek atentatuak egiteko asmoa omen zuten. Malagakoari ISISeko kide egitea egotzi diote.
Agentziak | erredakzioa
Esquadra Mossoek 14 pertsona atxilotu dituzte Igualadan (Bartzelona) eta hiriburuan jihadismoaren aurka egindako operazio batean. Bestalde, Espainiako Poliziak beste pertsona bat atxilotu du Manilvan (Malaga) Siriara joan eta ISISeko kide egiteko asmoa izatea egotzita.
Katalunian jihadista sarea desegin dutela nabarmendu dute mossoek. Kataluniako poliziaren arabera, atentatuak egiteko prest zeuden talde bateko ustezko kideak ziren atxilo hartutakoak. Dena den, oraindik baieztatzeke dago atentatuok egiteko benetako ahalmena ote zuten. Atxilotuetako batzuek aurrekariak zituzten delitu arruntak egiteagatik.
Atxiloketez gain, gutxienez sei miaketa egin dituzte: gehienak Bartzelonako Ciutat Vella barrutian, eta beste bat, Igualada herrian.
Auzitegi Nazionaleko 6. Epaitegiaren zuzendaritzapean, Informaziorako Komisaria Nagusiak egindako ikerketa baten emaitza da operazioa.
Atxiloketa bat Malagan
Espainiako Poliziak beste pertsona bat atxilotu du Manilvan. 27 urteko gizonezko bat da atxilo hartutakoa. Estatu Islamikoak Sirian dituen hainbat terroristarekin harremanetan jartzea eta taldeko kide egiteko asmoa agertzea egotzi diote.
Espainiako Poliziaren arabera, "atxilotutakoak leialtasuna eta obedientziaren zina egin zuen ISISi eta Abu Bark Al Baghadi kalifari. Europan bizi diren ISISen kide batzuen kasuan atentatuak egitearen aurreko pausoa da zin-egite hori".
Ikertzaileek ondorioztatu zutenez, Siriara joateko asmoa bazuen ere, gizona Espainiako Estatuan geratu zen, "talde terroristak herrialde horretan dituen zailtasunak tarteko, eta Espainian zuen familia ekonomikoki mantentzeko aukerarik ez zuelako".