Gizartea -

Atxiloketa

82 urteko emakume bat etxean hilda topatu eta semeetako bat atxilotu dute Bilbon

56 urteko gizasemeak ez omen zuen ama artatu hura jausi zenean, eta ikertzaileen ustez, horregatik hil zen emakumea. Zuhurtziagabekeria larria egotzi diote.

San Inazio auzoko etxebizitza batean topatu zuten hilotza. Argazkia: EFE
San Inazio auzoko etxebizitza batean topatu zuten gorpua.
Atxilotu bat Bilbon, emakume baten heriotzarekin zerikusia duelakoan

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo Bilboko bere etxean hilda topatu zuten 82 urteko emakumearen semeetako bat atxilotu du Ertzaintzak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez. 56 urteko atxilotuari zuhurtziagabekeria larria egotzi diote, amak izandako eroriko baten ostean behar bezala artatu ez zuelako.

Emakumearen gorpua asteleheneko 15:00ak aldera aurkitu zuten, San Ignazio auzoko bere etxean. Ertzaintza eta larrialdietako langileak bertaratu ziren, eta medikuak biktimaren heriotza baieztatu besterik ezin izan zuten egin.

Auzitegiko medikuak hala erabakita, indarkeriazko edo kriminaltasun-susmopeko heriotza kasuetan ezartzen den protokoloa jarri zuten martxan, eta guardiako epaitegiari jakinarazi zioten. Handik gutxira, Polizia Zientifikoaren Unitateko agenteak joan ziren etxebizitzara, ikertzeko asmoz.

Ikertzaileek ondorioztatu zutenez, zuhurtziagabekeria larri baten ondorioz jazo zen heriotza. Emakumeak erorikoa izan ei zuen bezperan, baina ez zioten laguntzarik eman. Horregatik hil omen zen. Hala, semeetako bat atxilotzea erabaki zuten agenteek.

56 urteko gizonezkoa komisariara eraman zuten atzo gauean, eta datozen orduetan eramango dute epailearen aurrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ertzaintza Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak