Gizartea -
Trafikoa
Hiru pertsona hil dira euskal errepideetan asteburuan
70 urteko gizon bat Usurbilen hil da auto batek harrapatuta eta bi motorzale ere hil egin dira Getarian eta Ekoran errepidetik aterata.
Erredakzioa
Hiru heriotza izan dira asteburuan euskal errepideetan, denak igande arratsaldean.
Azkena Usurbilen (Gipuzkoa) jazo da, 20:20an. Ordu horretan, 70 urteko gizon bat hil da N-634 errepidean auto batek harrapatuta, Herrizaingo Sailak jakitera emandakoaren arabera.
Istripua Txikierdi inguruan izan da, hirigunetik urrun, enpresak eta baserriak nagusi diren tokian.
Ertzaintzak ikerketa bat abian jarri du gertatutakoa argitzeko.
Bigarren hildakoa, Getarian
Gizonezko gazte bat Donostiako Ospitalean hil da motorrean errepidetik aterata izandako zaurien ondorioz. Motorzaleak auto baten kontra talka egin du N-634 errepidean, Getaria inguruan, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.
Istripua 17:15ean izan da, San Pruidentzioko bidegurutzearen inguruan, 26 urteko motorzalea errepidetik atera eta auto bat jo duenean. Gazteak Kawasaki Ninja ZX bat gidatzen zuen.
Motorzalea oso larri eraman dute Donostiako Ospitalera eta bertan hil da.
Hirugarrena, Ekoran
38 urteko motorzale bat Ekoran, Araban, hil da errepidetik aterata, Herrizaingo Sailak jakitera emandakoaren arabera.
Istripua 18:00ak aldera gertatu da A-2126 errepidean, Ekorako bidegurutzetik gertu, eta motorzalea "momentuan hil da", osasun zerbitzuek Ertzaintzari esan bezala.
Ertzaintzako agenteek trafikoa bideratu dute bestelako arazorik sortu gabe.