Gizartea -
Federatu gabeko kasuetan
Eskaladako eta eskiko erreskateak kobratuko ditu Eusko Jaurlaritzak
Era berean, urpekaritza, surfa, arroila-jaitsiera, elur motorrak, parapentea, delta hegala, moto-krosa, puenting-a eta zaldizko turismoa kirol arriskutsutzat jotzen ditu egitasmoak.
Erredakzioa
Eskalada, eski, urpekaritza edo surf bezalako kiroletan egin beharreko erreskateak kobratuko ditu Herrizaingo Sailak, federatu gabe dauden lagunen kasuetan. Bestalde, mendizaletasunaren kasuan, kirol horren praktika arriskutsu egiten duten faktoreak ematen direnean erreskatea ordaindu beharko dute erreskatatuek.
Tasa eta Prezio Publikoen Legea aldatzeko proiektua onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak. Bertan hiru tasa berri barneratu ditu Exekutiboak, horietako bat, bilaketa, erreskatea edo salbamendua arriskutsuak diren kirol eta olgeta-jardueratan.
Uztailetik aurrera erreskateak, bilaketak eta salbamenduak kobratzeko borondatea zuela iragarri zuen Herrizaingo Sailak. Horrela, araudi honetan prezioak eta kobratuko dituzten kirolen zerrenda zehazten dira.
Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak azaldu du egitasmoa Eusko Jaurlaritzako Kontseilua bildu ostean. Besteak beste, eskalada, eskia, urpekaritza, arroila-jaitsiera, elurreko motorrak, parapentea, delta hegala, moto-krosa, puenting-a edo zaldizko turismoa arriskutsutzat jotzen ditu proiektuak.
Mendizaletasuna
Mendizaletasuna zerrenda horretatik at utzi du Jaurlaritzak, baina beste kirol batzuetan egin bezala, erreskateak kobra daitezke kirola zona arriskutsuetan edo debekatutako esparruetan egiten baldin bada. Era berean, mendizaletasuna alerta laranja edo gorrian (eguraldi txarrarekin) praktikatzen denean erreskateak ordaindu beharko dira.
Ordaindu beharreko kuotei dagokienez, mobilizatutako giza baliabideen ordu bakoitzeko 37,74 euro ordaindu beharko dira, ibilgailu bakoitzeko 76,50 euro orduko, ontzi bakoitzeko 459-2.244 euro orduko eta helikoptero bakoitzeko 2.244 euro.