Gizartea -
Autopsia
Arga ibaian aurkitutako gorpua Fernando Piedrarena da
Iragan igandean, Arga ibaian, topatutako gorpua gaztearena dela baieztatu dute DNA probek. Gaztea Gabonetan desagertu zen.
Erredakzioa
Arga ibaian, iragan igandean, aurkitutako gorpua Darwin Fernando Piedra Ekuadorreko gaztearena dela baieztatu dute gaur Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutuak egindako proba genetikoek. Gaztea Gabonetan desagertu zen.
Poliziak komunikatu baten bidez jakitera eman duenez, autopsiaren emaitzekin gertatutakoaren zenbait aspektu argitu ahal izango dituzte.
18 urteko Fernando Piedra Iruñean bizi zen, nahiz eta jatorri ekuadortarra izan. Duela hamar urte etorri zen Iruñeara. Abenduaren 25ean lagunekin afaltzera joan zen, baina 04:30 aldera galdu egin zen Iruñeko San Juan auzoan.
Gutxi geroago dei galdu bat egin zion lagun bati eta hark berriro deitu zionean, "galduta" eta "zorabiatuta" zegoela komentatu zion Fernandok, izan ere, ez zekien non zegoen.
Etxaurin agertu zen
Gaztea ordutik desagertuta egon da. Iragan igandean, 18:00ak aldera, Etxauritik paseatzen ari zen lagun batek gorpua aurkitu zuen Arga ibaian, erdi ustelduta, eta Ekuadorreko gaztearena izan zitekeela pentsatu zuen.
Gaztearen senideei DNA laginak hartu zizkion Poliziak atzo. Gorpuaren itxurak, eskuko tatuaje batek eta arropak Fernando Piedra izan zitekeela seinalatzen zuten. Hildakoa bera zela "ia segurutzat" jotzen zuten senideek ere.