Gizartea -
Protokolo berria
Sexu-esplotazioko egoerak salatzeko deia egin du Eusko Jaurlaritzak
Sexu-esplotazioko biktimak artatzeko protokolo berria aurkeztu du Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako Zuzendaritzak. Gainera, egoera hauek salatzeko animatu du, "gaizkide izan ez gaitezen".
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako Zuzendaritzak sexu-esplotazioko biktimak artatzeko protokolo berria landu du. Alabaina, egoera hauek salatzeko deia egin die herritarrei, "gaizkide izan ez daitezen".
Mariola Serrano zuzendaritza honen arduradunaren aburuz, "emakumeen salerosketa Euskadin egon badago" eta "gure ondoan bizi den etxean gerta liteke". Hala ere, egoera horretan dauden emakumeen "datu zehatzik" ez dituztela onartu du Serranok.
Gidak, 10 hizkuntzetan
Bilbon eskainitako prentsaurrekoan, sexu-esplotazioko biktimei zuzendutako protokolo berria aurkeztu du Serranok. Protokoloa bi gidaz osatuta dago. Lehenengoan, pertsonen salerosketaren definizioa agertzen da, baita biktimen eskubideen zerrenda, informazioa eta arreta jasotzeko elkarteen datuak eta genero indarkeriaren biktimak artatzeko Euskadiko telefono zenbakia.
Bigarren gidak emakumeak biktima bezala bere burua identifikatzen lagunduko du. Halaber, prostituzio guneetan banatuko diren diptikoak ere egin ditu Jaurlaritzak. Honek bere egoera salatu zuen emakume baten testigantza jasoko du. Azken bi argitalpenak 10 hizkuntzatan kaleratuko dituzte.
Kanpaina honen helburua emakumeek bere egoera salatzera animatzea izango da. Biktimek poliziarengana jotzen baldin badute, 30 eguneko tartea izango dute polizia ikerkuntzari laguntza emateko aukera dezaten. Bitartean, Polizia agenteen babesa jasoko dute.
Azkenean, poliziari laguntzea erabakitzen badute, egoitza eta lan egiteko baimena nahiz jatorrizko herrialdera itzultzeko laguntza emango diete.