Gizartea -
CISen datuak
Hiritarren % 84k kezka nagusitzat jo dute langabezia
Espainiako Ikerketa Soziologikoetako Zentroaren datuen arabera, azken 14 urteetan langabeziak ez du horrenbeste pertsona larritu. Ekonomia eta politikarien maila daude bigarren eta hirugarren postuan.
Erredakzioa
Langabeziak herritarren kezka nagusia izaten jarraitzen du, Ikerketa Soziologikoetako Zentroaren azken inkestak argitu duenez. Galdera sortari erantzun ziotenen % 83,9k langabezia aipatu zuten. Lan faltak ez du azken 14 urteetan horrenbeste jende larritu. Bigarren eta hirugarren postuan, arazo ekonomikoak (% 51,6) eta politikariak (% 17,8) daude, hurrenez hurren.
Laugarren arazoa immigrazioa da (% 12,6) eta bosgarren postuan hirietako segurtasun eza (% 9,4) dago. Azken hau ia puntu bat igo da, urteko lehen hilabeteko datuekin alderatuz.
Herritarren % 80k egoera ekonomikoaren gaineko iritzi "txarra" ala "oso txarra" dute. Hamarretik hiruk hemendik urtebetera egoerak okerrera joko duela uste dute, eta hamarretik biren ustez hobera egingo du.
Inkestari erantzun diotenen % 5,6k terrorismoa aipatu zuten, joan den hilabetean baino bi puntu gutxiagok. Justiziari dagokionez, herritarren % 76ren aburuz, "txarto ala hala-hola" funtzionatzen du.