Gizartea -
Eskualdeen ongizate-indizea
Segurtasuna, komunitate sena eta osasunagatik nabarmentzen da EAE
Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen eskualdeen ongizatea neurtzeko ikerketa baten arabera, Australia eta Norvegia dira emaitzarik onenak lortu dituztenak.
Agentziak | Erredakzioa
Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen (ELGE) eskualdeen ongizatea hobetzeko ikerketa baten arabera, segurtasuna, komunitate sena eta osasunagatik nabarmentzen da EAE.
Hori horrela, ELGEk 10a jarri dio segurtasunean, 9,8ko nota jarri dio komunitate senari, 9,7koa osasunean eta 8,1ekoa zerbitzuetan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sailak jakitera eman duenez.
Bestalde, 7,1 puntu ematen dizkio EAEri ingurugiroan; 6,7 puntu, bizitza kalitatean eta etxebizitzan; eta 6,6, hezkuntzan. Enpleguan, berriz, 5,5eko nota ematen dio.
Bi dira, ordea, bostera heltzen ez diren arloak: konpromiso zibikoan (hauteskundeetan lortutako parte-hartzea) 4,8ko nota ematen dio, eta biztanle bakoitzeko errentan 4,7 ematen dio.
ELGEk eskualdeen ongizate-indizea egiten du biztanle bakoitzeko errenta soilik kontuan hartu barik. Guztira, 36 dira Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen barne dauden herriak.
Ikerketa horren arabera, Australia eta Norvegia dira emaitzarik onenak lortu dituztenak.