Gizartea -
EAEn
Kontsumitzaileen kexak jaitsi arren, zigor handiagoak eskatu dituzte
EKA-k zehapenetan zorroztasun gehiago eta Prezioen Behatokia eta Kontsumitzaileen Kontsulta-Kontseilua eratzea eskatzen du.
Erredakzioa
Kontsumoaren arlo gehienetan erreklamazioak jaitsi baziren ere, 2010an Euskal Autonomia Erkidegoan guztira 21.759 erreklamazio egon ziren, 2009ko datuekin alderatuta, % 23 gehiago. Telekomunikazioak (Telefonia eta Internet), 8.741 erreklamazio sortu zituen (guztien % 38,9), 2009an baino % 33,78 gehiago; eta garraioa (hegazkina nagusiki), 2.191 erreklamazio eragin zituen (guztien % 10,01) eta % 22,34ko igoera izan zuen 2009ko datuekin alderatuta.
Horren harira. Salaketa gehien jasotzen dituzten arloetako enpresei zigor handiagoak. Horixe izan zen EKA-k 2009an Eusko Jaurlaritza berriari luzatu zizkion proposamenetariko bat. 2010ko datuak ikusita, "eskaera horretan ihardukitzen dugu". Eusko Jaurlaritzak eta administrazio publiko guztiek erreklamazio gehien sortzen dituzten enpresen gaineko jagoletza areagotu eta noizean behin ipintzen dizkieten isunak gogortu beharko lituzkete.
EKA-k Prezioen Behatoki bat sortzearen alde jarraitzen du. Administrazioak gidatuta eta kontsumitzaileen eta bestelako gizarte agenteen parte-hartze zuzena izatea eskatzen du. Behatoki horrek oinarrizko elikapen produktu batzuei jarraipen zorrotza egingo lieke, eta gehiegizko edo iruzurrezko merkatal ekintzak eta jokaerak ekiditeko esku-hartze eta zigorrak ezartzeko gaitasuna izan beharko luke.
EAEn Kontsumitzaileen Kontsulta-Kontseilu bat ere sortu behar dela uste du EKA-k. Erakunde publiko eta egonkor bat kontsumitzaileen ordezkaritza egiteko eta hauek kontsultak egin ahal izateko. Administrazioek ezartzen dituzten neurriek gizarte zibilaren parte-hartze eta adostasunik handiena izan ditzaten lagunduko luke Kontseilu honek.