Gizartea -
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOA
Urtegiak beren edukieraren % 86,5ean daude, hamarkadako batez bestekoaren gainetik
218 hektometro kubo ur dituzte, garai honetan batez beste 198 hektometro kubo denean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) urtegiek 218 hektometro kubo ur dituzte aste honetan, hots, beren edukieraren % 86,5ean daude beteta. Duela urtebete 9 hektometro kubo ur gutxiago zituzten, % 82,9 baitzuten beteta. Halaber, azken hamarkadan, batez beste, 198 hektometro kubo izan dituzte garai honetan.
Uribarri Ganboako urtegiak, esaterako, 146 hektometro kubo har ditzake eta 128 hektometro kubo ur ditu gaur egun (edukiera osoaren % 87,6). Urrunagako urtegiak 60 hektometro kubo ditu (edukiera osoaren % 83,3).
Espainiako Ingurumen Ministerioak zabaldutako datuen arabera, Gipuzkoako Ibai Eder urtegiaren % 91 dago beteta (11 hektometro kuboko edukiera du) eta Urkuluko urtegia, ostera, % 90 (10 hektometro kubo har ditzake).
Gipuzkoan bertan, Ibiurko urtegiaren edukieraren 87,5 dago beteta, 8 hektometro kubo ur baititu.
Azkenik, Arabako Albina urtegiak 4 hektometro kubo ditu gaur egun, edukieraren % 80.