Gizartea -

Bullying

Leioako Askartza ikastetxeak kalte-ordaina eman beharko dio ikasle bati

Beste ikasle batzuek dutxan grabatu zuten, eta irudia snapchat sare sozialaren bidez zabaldu zuten, baita ikasle “kopuru zehaztugabe” baten mugikorretara ere.

Leioako (Bizkaia) Askartza Claret ikastetxea. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Leioako (Bizkaia) Askartza Claret ikastetxea. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Leioako (Bizkaia) Askartza Claret ikastetxea. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Leioako (Bizkaia) Askartza Claret ikastetxeak 6.320 euroko kalte-ordaina eman beharko dio ikasle bati eskola-jazarpen kasu batengatik. Beste ikasle batzuek dutxan grabatu zuten, eta irudia snapchat sare sozialaren bidez zabaldu zuten, baita ikasle “kopuru zehaztugabe” baten mugikorretara ere.

Honenbestez, Getxoko lehen auzialdiko epaitegiaren erabakia atzera bota zuen Bizkaiko Lurralde-auzitegiak urtarrilaren 25ean; izan ere, Getxoko epaitegiak ez zion “inolako erantzukizunik” egotzi zentroari, “eskola-jazarpen egoera” frogatu ez zelakoan, neskatoaren familiako abokatuak jakitera eman duenez.

Gertakariak 2015eko maiatzaren 15ean jazo ziren, ikasleak 13 urte zituenean. Ebazpenaren arabera, adingabea dutxan zegoen, aldagela barruan, ikaskide baten mugikorrarekin grabatu zutenean.

Ondoren, beste ikaskide batek irudiak snapchat sare sozialaren bidez zabaldu zituen, baita mugikorren bitartez ere. Horrela, irudiak “ikastetxeko ikasle kopuru zehaztugabe bati” heldu zitzaizkien.

2017an DBHko hirugarren mailan zegoen neskatoa; lehen mailako “ikasgela galdu” zuen, talde berria “beste ikasgela bateko ikasleekin osatu baitzuten”. Adingabea beste bi ikaskideekin harremanetan hasi zen, nahiz eta horien “gizarteratzea ez erraztu”. Hirurak “begirada arraroen” eta “ezizenen” biktimak izan ziren.

Aldageletan grabatu eta irudiak zabaldu ondoren, gaztea “oso urduri, lotsaturik eta umiliaturik” agertu zen, eta “igerilekura eta heziketa fisikora joateari utzi zion”, berriz errepikatzeko beldur baitzen, “mugikorrekin aldageletan jarraitzen zutelako”.

Lehen auzialdiko sententziaren aurkako gurasoen helegiteak onartu ditu Lurralde-auzitegiak, eta ikastetxea 6.320 euroko kalte-ordaina ematera zigortu du, baita prozesu-kostuak pagatzera ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Leioa Albisteak Hezkuntza Bullyinga