Gizartea -

GRIPEA EAEn

Astebetean 11 lagun hil dira gripeak jota EAEn

Gripearen denboraldia hasi zenetik, 63 pertsona zendu dira gaixotasun honen ondorioz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Gripea. Argazkia: pexels.com
Gripea
Gripea. Argazkia: pexels.com

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gripe kasuek nabarmen egin dute behera Euskal Autonomia Erkidegoan azken astean, 100.000 biztanleko 217,6 kasu egon baitira. Gripearen denboraldia hasi zenetik 63 pertsona hil dira guztira EAEn gaixotasun honen ondorioz.

Esan bezala, urtarrilaren 28tik otsailaren 3rako astean gripe kasuek nabarmen egin dute behera. 100.000 biztanleko 217,6 kasu zenbatu dituzte. Astebete lehenago, berriz, 398,8 kasu izan ziren, ia bikoitza.

Gainera, Lehen Mailako Arretan 3.725 paziente artatu dituzte azken astean. Duela bi aste 6.868 izan ziren gripearen sintomak zituztelako sendagilearengana jo zuten gaixoak.

Halaber, 4 urtera arteko haurrengan gripeak izandako eraginak ere behera egin du: 100.000 biztanleko 1.568 kasu izatetik 937,5 izatera jaitsi batira.

Denboraldia hasi zenetik, 1.433 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, horietako 364, egoera larrian. Pazienteen batez besteko adina 67 urtekoa izan da.

Antza, gripe kasuek behera egiten jarraituko dute epidemia markatik (100.000 biztanleko 55,7 kasu) behera egon arte, Osakidetzak eta Osasun Sailak ohar baten bidez adierazi dutenez.

Gaitz deserosoa bada ere, normalean gripeak ez du osasuntsu dauden pertsonengan aparteko arazorik eragiten. Horregatik, atsedena hartzea, likidoak edatea eta sukarraren aurkako tratamenduak jarraitzea izaten dira medikuen aholkuak. Dena dela, sukarrak luze jotzen badu, komenigarria da sendagilearengana joatea.

Gaixotasun birikoa denez, antibiotikoak ez dira eraginkorrak izaten (kasu oso jakinetan soilik hartu behar dira, eta sendagileak aginduta). Hori dela eta, gripea saihesteko eskuak ongi garbitzea, eztula edo doministiku egitean ahoa estaltzea eta erabili eta botatzeko mukizapiak erabiltzea gomendatzen dute adituek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Gripea