Gizartea -
Talka
Tren istripu batek hildako bat eta 95 zauritu, hiru larri, utzi ditu Bartzelonan
Tren bik talka egin dute arratsalde honetan Sant Vicenç de Castellet eta Manresa arteko bidean. Hildakoa 26 urteko tren-gidari bat da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pertsona bat hil eta beste hiru larri zauritu dira tren istripu batean, Bartzelonan. Beste 16 pertsonak zauri arinagoak dituzte, eta 76 arin zauritu dira, Babes Zibilak jakitera eman duenez. Bi trenek aurrez aurre talka egin dute Castellgaliko geraleku zaharretik gertu, Sant Vicenç de Castellet eta Manresa artean.
Gainerako bidaiariak, 100 bat, onik atera dira, eta Generalitateko suhiltzaileek atera dituzte, iturrien arabera.
Hildakoa 26 urteko tren-gidari bat da, Generalitateko Barne Kontseilaritzako iturriek jakinarazi dutenez.
Argitzeke dauden arrazoiengatik, L'Hospitalet de Llobregat eta Lleida lotzen zituen tren batek aurrez aurre talka egin du Terrasa eta Manresa lotzen zituen beste batekin, Castellgaliko geltokitik hurbil.
Istripuaren ondorioz, C-55 errepidearen bi noranzkoak itxi behar izan dituzte, Sant Vicenç de Castellet eta Manresa artean, larrialdi zerbitzuen lana errazteko. Zirkulazioa C-16 errepidetik desbideratu dute, baina auto-ilarak sortu dira.
Suhiltzaileak, Babes Zibila, Larrialdi Medikoak (SEM) eta Esquadra Mossoak bertaratu dira.
Gainera, Castellgaliko udaletxean senitartekoak eta ezbeharreko biktimak artatzeko arreta zentro bat martxan jarri dute larrialdi taldeek.
Istripuaren ondorioz, Rodalieseko 4. linea etenda dago Sant Vicenç de Castellet eta Manresa artean. Renfe zerbitzu alternartiboa eskaintzen ari da errepidez.
Quim Torra Generalitateko presidentea eta Miquel Buch Barne kontseilaria ezbeharraren tokira joan dira, larrialdi taldeen lana bertatik bertara jarraitzeko.
Bidaiari batek istripuaren berri eman du 18:20 aldera. Babes Zibilak alerta fasean Ferrocat larrialdi plana martxan jarri du.
Azaroaren 20an, luizi batek tren bat errailetik atera zuen Vacarissesen, Terrassa eta Manresa artean. Pertsona bat hil eta beste 41 zauritu ziren orduan.