Gizartea -

Errefuxiatuen drama

'Harresi gehiago ez, zubiak' eskatu ditu Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak Bilbon

200 bat lagunek giza-katea osatu dute bi zubiren artean, eta besarkada kolektibo batekin amaitu dute ekintza, maiatzaren 5ean Durangon egingo den nazioarteko deialdiari erreferentzia eginez.

Ongi Etorri Errefuxiatuaken ekitaldia gaur, Bilbon. EITB
Ongi Etorri Errefuxiatuaken ekitaldia gaur, Bilbon.
Ongi Etorri Errefuxiatuaken ekitaldia gaur, Bilbon. EITB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

200 pertsona inguruk ekintza egin dute Bilboko ibaian, Marzana eta Merced  zubien artean, "Harresi gehiago ez, zubiak eraiki ditzagun" lelopean, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak deituta, Besarkada solidarioa ekimen europarraren baitan.

Giza-katea osatu dute parte hartzaileek eta pankarta bat zintzilikatu dute kanpainaren leloarekin: "Herrien besakada, Pertsonena eta Giza Eskubideena". Ekintza besarkada erraldoi batekin amaitu dute, Durangon maiatzaren 5ean egingo den ekintza handian bezala.

Ekitaldiaren baitan Tarajalen hil zituzten 15 pertsonak gogoratu dituzte. Ceutako hondartzara iritsi nahian igeri ari ziela ito egin ziren Guardia Zibilak botakoa gomazko pilota eta ke-poteengatik. "Krimen horien inpunitatea salatu nahi dugu, bost urte igaro diren honetan" salatu du plataformak.

Helena Maleno giza eskubideen defendatzailearen egoerari buruz ere ohartarazi dute. Iaz Gernikako Bakearen eta Berradiskidetzearen saria eskuratu zuen. "Bera izan zen Tarajaleko hondartzan agenteek erabili zuten materialaz ohartarazi zuena eta egunero hegoaldeko mugan gertatzen diren urraketak salatzen dituena, eta orain mugitzeko muga jarri diote" salatu du.

Aita Mari ontziaren egoera ere gogoan izan dute. Bilbon, Itsas Museoaren ondoan lotuta dago, agintariek Mediterraneora abiatzeko baimena eman zain: "Aita Mari hemen blokeatuz, Open Arms Bartzelonan blokeatuz eta Sea Watch Catanian blokeatuz, jada ez da geratzen Mediterraneoan gertatzen ari den holokaustoaren berri emango duenik" hausnartu dute.

Amaitzeko, Arriaga plazan martxoaren 5ean 18:00etan egingo duten emakumeen besarkadan parte hartzeko deia egin dute, martxoaren 8ko grebaren eta maiatzaren 5eko besarkada handiaren atariko gisa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Itsasadarra Bilbo Migrazioa Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Errefuxiatuak