Gizartea -
Alarma erradiaktiboa Japonian
Espainiak zentral nuklearren segurtasun sistemak berrikusiko ditu
Segurtasun sistemak berrikusteaz gain balizko lurrikara edo uholde baten aurrean nola erantzungo luketen jakiteko azterketa osagarriak egingo zaizkie zentralei.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak zentral nuklearren segurtasuna berrikustea eskatu dio Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluari.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak zentral nuklearrek segurtasun kontrol zorrotzak pasa behar izaten dituztela adierazi du, baina segurtasuna indartu eta exijentzia gehiago ezarri behar ote zaizkien jakiteko txosten berriak egingo dituztela esan du.
Kongresuko kontrol saioan bere exekutiboak zentral nuklear guztiak berrikustea erabaki eta gero Zapaterok azaldu duena da. Japonian Fukushimako zentralean gertatukoak segurtasunaren inguruko ondorioak ateratzeko balioko duela gaineratu, baina erabaki politiko bat hartu ahal izateko ondorioztapen horiek "zientzialariek neurtu eta egiaztatu" behar dituztela esan du Espainiako gobernuburuak.
Gauzak horrela, nahiz eta ikuskapenak maiztasunez egin eta mantentze zerbitzu zorrotzak pasa, zentral nuklearren aintzinatasuna "faktore garrantzitsua" dela esan du Zapaterok eta 42 urteren ostean Garoñako zentrala 2013an isteko asmoa "arrazoizkoa" dela argudiatu du.
Lurrikarei eta uholdeei aurre egiteko azterketa osagarriak
Espainiako zentralen segurtasuna neurtzeaz gain balizko lurrikara edo uholde baten aurrean nola erantzungo luketen jakiteko azterketa osagarriak egingo zaizkiela jakinarazi du Miguel Sebastian Industria ministroak.
Guztien artean lehentasuna Valentzian dagoen Cofrentesko zentralari emango diotela adierazi du Industria ministroak. Zentral horrek martxan jarraitu ahal izateko luzapena Japoniako lurrikararen bezperan onartu baitzen.