Gizartea -

SOS ARRAZAKERIA

Donostiako autobus geltokian migratzaileei pasaportea eskatzen dietela salatu dute

Gipuzkoako SOS Arrazakeriak elkarteak eta Hiritarron Harrera Sareak ez dute baztertzen epaitegietara jotzea, baldin eta 'Europako legedia' urratzen duten autobus konpainiek jarrera aldatzen ez badute.

Migratzaileak Donostiako autobus geltokian. Artxiboko argazkia: EFE
Migratzaileak Donostiako autobus geltokian
Migratzaileak Donostiako autobus geltokian. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkarteak eta Hiritarron Harrera Sareak salatu dutenez, migratzaileei pasaportea edota bizileku baimena eskatzen diete hainbat konpainiak Donostiako autobus geltokian. Horien esanetan, Europako legedia urratzen ari dira, eta, horrenbestez, ez dute baztertzen epaitegietara jotzea.

Atzo, asteazkena, Donostian egindako prentsaurrekoan Gipuzkoako SOS Arrazakeriako eta Hiritarron Harrera Sareko bozeramaileek azaldu zutenez, abenduaren 13an Europako Justizia Auzitegiak emandako epaiaren arabera, Schengen eremuko barne muga bat zeharkatzen duen autobus enpresa batek ezin die pasaporterik edo bestelako nortasun agiririk eskatu bidaiariei.

Bi erakunde salatzaileen esanetan, Donostiako autobus geltokian "behin eta berriro" errepikatzen ari den kontua da migratzaileei dokumentazioa eskatzearena, baita epaia argitara eman eta gero ere.

Hori dela eta, Gipuzkoako SOS Arrazakeria eta Hiritarron Harrera Sarea autobus konpainiekin harremanetan jarriko dira epaia betetzea eskatzeko. Horrela egin ezean, ez dute baztertzen auzibidea abiatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak Migrazioa Europa Gipuzkoa Arrazismoa Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Siriar errefuxiatuak Europan argazkiak Errefuxiatuak albisteak gaur