Gizartea -
Azpeitiko krimena
Lekuko batek dio 'odol asko' zegoela gorpua aurkitu zuten lekuan
Ibai-eder urtegitik gertuko baserritar batek baieztatu du emakumeak kolpeak zituela aurpegian eta buruan. Ertzaintza kasua ikertzen ari da.
Erredakzioa
Ignacio Azpeitiako (Gipuzkoa) Ibai-eder urtegitik gertu bizi den baserritarrak baieztatu du atzo aurkitu zuten gorpuak kolpeak zituela aurpegian eta buruan. Gainera, hilotza aurkitu zuenetako bat izan omen zen bera eta inguruan "odol asko" ikusi zuela aipatu du.
Ignaciok azaldu duenez, bere emazteak eta lagun batek "bi manta, poltsa bat, pistola bat eta betaurreko batzuk" aurkitu zituzten. Gainera, "odol asko" ere ikusi omen zuten bertan.
Hori horrela, emazteak abisua eman zion Ignaciori eta hura eta semea berehala joan ziren ea zerbait ikusten zuten. Hara iritsi eta ezer ez omen zuten ikusi, baina azkeneko momentuan, "uretan zerbait bazegoela" ikusi zuen eta "uraren gainetik aurpegi bat" ageri zen.
"Semeari esan nion pertsona baten aurpegia zirudiela. Hitz egiten ari ginela, hemen inguruko beste baserritar bat agertu zen eta urtegira jaitsi zen. Emakume baten gorpua zela esan zuen, beraz, Ertzaintzari deitu genion", adierazi du.
Ignaciok azpimarratu du hilotza agertu zen lekuan pistola bat aurkitu zutela, baina "plastikozkoa zirudien". Ertzaintzak baieztatu du jaurtigairik gabeko arma bat zela.
Ertzaintza ari da kasua ikertzen. Jasotako datuen arabera hilketa bat izan daiteke. Hori baieztatuko balitz bost eguneko epean Gipuzkoan izan den bigarren hilketa kasua litzateke.