Gizartea -
Alboko esklerosi Amiotrofikoa
Basurtuko Ospitaleak laguntza psikologikoa eskainiko die ELA gaitza duten pertsonei
Basurtuko erietxeko ELAren unitatean, batez beste 64 paziente berri artatzen dituzte urtero.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Basurtuko Ospitaleko Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren (ELA) unitatean zerbitzu psikologikoa eskainiko dute aurrerantzean, pazienteentzat nahiz haien senideentzat.
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jon Darpon Osasun sailburuak unitate horretara gaur egin duten bisita baliatu dute iragarpena egiteko.
Egun, ELA gaitza duten pertsonak artatzeko unitatea ondoko profesionalek osatzen dute: neurologoa, errehabilitazioko medikua, nutrizionista, arnas aparatuko aditua eta erizaina.
Orain, laguntza psikologikoa ere eskainiko diete pazienteei, gaitz horrek eragindako trastorno kognitibo eta fisikoei aurre egiten ikas dezaten. ELAk paralisia eta arnasa hartzeko, komunikatzeko nahiz elikatzeko arazoak sortzen ditu.
Alboko Esklerosi Amiotrofikoa endekapenezko gaixotasun neuromuskularra da, eta paralisia, mendekotasuna eta ezgaitasuna eragiten ditu.
Edonori eragin diezaioke, baina batez ere 60 urteen bueltan antzeman izan dute. Paziente horiek ahalik eta gehien bizi daitezela eta haien bizi kalitatea hobetzea da Basurtuko Ospitaleko unitate berezi horren helburua.
Urtero, batez beste, 64 paziente berri artatzen dituzte. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan sortu zen lehen unitate berezia da Basurtukoa.