Gizartea -
GIZAKIEN SALEROSKETA
Bilboko etxebizitza batean atxikita zegoen emakume bat askatu dute
Espainiako Poliziak ustezko bahitzaileetako bi atxilotu ditu. Neska afrikarra da, eta, ustez, talde kriminal batek bahitu zuen sexu-esplotaziorako. Biktimak berak eskatu zuen laguntza, telefonoz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko etxebizitza batean sexu-esplotaziorako atxikita zegoen emakume afrikar bat askatu du Espainiako Poliziak, eta emakumearen ustezko bahitzaileetako bi atxilotu ditu. Antza denez, Bilbon egonkortuta zegoen eta gizakien salerosketara bideratuta zegoen talde bateko kideak ziren.
Espainiako Poliziak Teruelen duen ordezkaritzak abiatu zuen ikerketa, emakume talde bat Teruelgo laguntza zentro batetik alde egin eta Bilbora joan zela jakin ostean. Agenteen susmoen arabera, emakume batzuek mendean zutelako erabaki zuen orain askatu duten emakume horrek haiekin alde egitea.
Gerora, baina, biktimak laguntza zentrora deitu zuen, Bilboko pisu batean atxikita zutela ohartarazteko. Abisua jaso eta hiru orduko epean, agenteek Gorte kaleko etxebizitza batean bere borondatearen kontra zegoen emakumea askatu zuten.
Emakumea askatzearekin batera, Poliziak bi pertsona atxilotu zituen: etxebizitzaren jabea eta biktima bertara eraman zuen pertsona. Afrikarrak dira biak.