Gizartea -
Sutea Gipuzkoan
Bost ibilgailu erre eta seigarren bat kaltetu da Errenterian piztutako sute batean
Sutearen ondorioz, bizilagunak irtenarazi dituzte ondoko etxe batetik, suhiltzaileek sutea itzali bitartean.
Agentziak | Erredakzioa
Lau automobil eta motozikleta bat erre dira eta seigarren ibilgailu bat kaltetu da Errenterian ostegun goizean piztutako sute batean, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Sutea 5:45 aldera piztu da Maurice Ravel kalean, Beraungo auzoan. Sutea ibilgailuetako batean piztu da eta ondoko ibilgailuetara zabaldu da, iturri berak azaldu duenez.
Suteak, gainera, ondoko erakin batera hedatu eta bigarren pisuraino heldu da; horrenbestez, bi balkoi eta Kutxabankeko sukurtsal bat kaltetu dira.
Suhiltzaileak sutea itzaltzen ibili diren bitartean, hasiera batean bizilagunak goiko pisuetara igo dira, baina azkenean irtenarazi dituzte.
Bi anbulantzia bertaratu arren, ez da zauriturik izan; hala ere, bizilagunek urduritasun eta itoaldi uneak bizi dituzte.
Talde teknikoek sutearen nondik norakoak ikertuko dituzte goizean zehar.