Gizartea -
Ekimen solidarioa
Korrikalari batek '4 katedralak' egingo ditu Donohue sindromea duen ume baten alde
Maialen Aulestia neska bilbotarraren tratamendua ordaintzeko erabiliko dute bildutako dirua. Europan Donohue gaitza duen bakarra da Aulestia.
Agentziak | Erredakzioa
Borja Fernandez korrikalari amateurrak Hego Euskal Herriko lau hiriburuak lotzen dituen 'Lau katedralak' egingo ditu gaurtik aurrera Maialen Aulestia Donohue sindromea duen neska bilbotarrari laguntzeko.
Fernandez gauerdian atera da Bilbotik, eta sei egunetan Donostia, Iruñea eta Gasteiz zeharkatuko ditu, Bizkaiko hiriburura berriro itzultzeko.
Donohue sindromea gaixotasun arraroa da, intsulinaren erresistentziari eragiten dion desordena genetikoa da. Europan kasu bakarra da Maialen Aulestiarena, eta munduan beste gaixo bat baino ez dago. Aulestiak zazpi urte ditu eta bilbotarra da.
Dokumentatuta dauden kasuen arabera, gaitz horrek jotakoen bizi-itxaropena 18-24 hilabetekoa da. Aulestiak, ordea, aise gainditu du muga. Dena dela, sindromearen ondorioak "arintzeko eta atzeratzeko" mediku tratamendua jasotzen du; urtero 200.000 euro inguruko kosta dena.
Aulestiaren kasua ezagutu bezain pronto, hari laguntzeko zerbait egitea pentsatu zuen Fernandezek. Distantzia luzeko lasterketetan espezializatuta dago korrikalaria, eta mundu osoko probetan ibili da.
Dohaintza guztiak, Maialenentzat
Maialenen tratamendurako dirua biltzeko hainbat ekimen ditu abian familiak. #Gomaialen izenpean webgune bat dute sortua, eta 'Smile...You brave!' leloa duten elastikoak dituzte salgai, besteak beste.
Fernandezek 'Lau katedralak' ibilbidea aukeratu du Aulestiari laguntzeko. "1953an Shebe Peña mendizaleak egindako balentria gogora ekarri nahi dut. Gaur egun Basque Ultra Trail Series (BUTS) bezalako probekin arindu dute, 500 kilometroak zatika egiten dituztelako. Nik antzina moduan egingo dut, oso-osorik, geldiunerik egin gabe eta bakarka", azaldu du korrikalari bilbotarrak. 156 ordu erabiliko ditu horretan, sei egun eta erdi, alegia.
'Lau katedralak' egiten dituen bitartean Maialen Aulestiarentzako dohaintzak egingo ahalko dituzte herritarrek.