Gizartea -
Laneko baimenak
Espainiako Gobernuak 16 asteko aitatasun baimena ezarriko du lege-dekretu bidez
Aitatasun baimena zortzi astekoa izango da aurten, hamabi astekoa 2020an eta hamaseikoa 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuak premiazko hainbat neurri onartuko ditu datozen asteetan lege-dekretu bidez, tartean aitatasun baimena 16 astera luzatzeko egitasmoa.
Eragile sindikal eta sozialei bidalitako zirriborroaren arabera, aitatasun baimena mailaka luzatuko dute: arau berria indarrean sartu eta berehala zortzi astekoa izango da; 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera, hamabi astekoa; eta 2021eko lehen egunetik aurrera, 16 astekoa.
Baimenak transferiezinak eta ordaindutakoak izango dira. Lehendabiziko sei asteak jarraian hartu beharko dira, baina gainerako hamar asteak nahieran hartzeko aukera egongo da, betiere haurra jaio edo adoptatu den unetik urtebeteko epean.
Halaber, lehendabiziko sei asteetan lanaldi osoa hartu beharko dira, baina gainerako hamar asteetan baimena orduka eskatzeko aukera egongo da.
Horrez gain, jaioberria ospitalean ingresatuta geratu beharko balitz, baimena luzatzeko aukera ere aurreikusten arauak, baina muga ere ezartzen du: gehienez 13 aste osagarri onartuko dira.
Dekretu honek Langileen Estatutuan eta Enplegu Publikoko Oinarrizko Estatuan aldaketak egiten eragingo du.