Gizartea -

Nafarroa

Gareseko apaiz batek egindako sexu abusuak salatu ditu hirugarren gizon batek

Ferminen hitzetan, Aita Erreparaziokoen ikastetxeko haurrak ez ziren gaixotzen 'apaiz haren logelan sartzeko beldurragatik'. Eskolak, ordena erlijiosoak eta Artzapezpikutzak ez dute adierazpenik egin.

Gares. Argazkia: Jose Maria Vega
Gares
Gares. Argazkia: Jose Maria Vega

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hirugarren salaketa baten testigantza eman du Fermin izeneko gizon batek Gareseko Aita Erreparaziokoen ikastetxeko apaiz batek egindako sexu abusuen harira. Astelehenean, bi kasu azaleratu zituen beste gizon batek. Kontatu zuenez, bere anaiari eta berari abusuak egin zizkien mediku lanetan aritzen zen apaizak.

Hirugarren kasua ere Cadena Ser irrati katean egindako elkarrizketa baten bidez jakinarazi dute. Hemen Ferminen hitzak: "Erizaindegia oso handia zenez, apaizak bere logelara eramaten gintuen. Han ohean sartzen zintuen, eta handik gutxira bera ere sartu egiten zen. Bere eskua zure alde intimoetara eramaten zuen, edo alderantziz. Ez ginen gaixotzen logela hartara joateko beldurragatik".

"Niri gertatu zitzaidanean altxatu eta hanka egin nuen handik", adierazi du. Ez zuen salatu, "beste garai batzuk ziren, dena kolpeekin konpontzen zuten han", arrazoitu du.

Ferminen berbetan, egun batean ikaskide batekin gaiari buruz hitz egiten hasi zen, eta biak biktimak zirela konturatu ziren. Han ikasten zuten haur gehiagorekin ere egin zuten berba. "Jende asko zegoen egoera berean".

Gaia bolo-bolo hasi zenean, apaiza xantaia egiten hasi zitzaien. "Isilik jarraitu genezan fruta ekartzen zigun ikasgelara, edo inoiz aprobatzen ez genuenoi nota ona jartzen zigun".

Nabarmendu duenez abusuek ez diote aparteko ondoriorik utzi, baina ordudanik ezin omen du metalezko espartzua hartu. "Gizon haren pubisa gogorarazten dit", azaldu du.

Ikastetxea, ordena, eta Artzapezpikutza, isilik

Salaketen inguruan galdetzerakoan, Aita Erreparaziokoen ikastetxeko zuzendariak auziaren inguruko "adierazpenik egingo" ez duela erantzun dio Euskadi Irratiari, eta ordena erlijiosoa kasua ikertzen ari dela erantsi du.

Iruñeko Artzapezpikuak, bestalde, ez du lehen biktimak Artzapezpikutzarekin bilera egin duen "gezurtatu ez baieztatu" nahi izan. Hitzordu hartan gizonari esan omen ziotenez, Artzapezpikutzan "kutxa bat daukate halako eskutitzak sartzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak Sexu erasoak Gotzain Biltzarraren albisteak gaur Sexu abusuak Elizan