Gizartea -
FAKE NEWS
eitb.eus-en 2015eko bideo bat bolo-bolo sarean, Kontxako hidrohegazkina delakoan
2015ean grabatu zuten bideoan, Hondarribiko arraunlariak ageri dira. Entrenatzen ari direla, ondo-ondotik igarotzen zaie hidrohegazkin bat, baina ez da ostiral honetakoa, hala "saldu" bada ere.
E. J. | EITB.EUS
Inauteriak alde batera utzita, ostiraletik ez dago beste hizketagairik Donostian eta Gipuzkoan: hidrohegazkin baten "bisita" Kontxako badiara, Beran itzaltzen ari ziren sute baterako ur bila.
Espainiako Nekazaritza Ministerioaren hegazkin anfibioa 17:00ak zirenean jaitsi zen Kontxako hondartzan, uretara, ehunka pertsona harrituta utziz. Eguraldi zoragarria egiten zuen, izan ere, eta beteta zeuden hondartza zein inguruko pasealekuak.
Azkarrenek mugikorrak hartu eta unearen bideoak grabatu zituzten eta ziztu bizian zabaldu ziren irudiak whatsapp zein sareen bidez. Atzo, oraindik, beste konturik ez zen Donostian:
Hegazkin anfibioak bi aldiz bete zuen biltegia urez Donostian, eta beste behin Hondarribian. Eta gertakari hori dela eta, justu Hondarribian, baina duela lau urte, 2015eko abenduaren 20an, grabatu zuten bideo bat "berpiztu" da, ostiralean grabatutakoa bailitzan.
Bideoan, entrenatzen ari diren Hondarribiko bi traineru ikusten dira, eta horietako batek hidrohegazkin bat nola hurbiltzen zaien grabatzen du, eta beldurtuta, norabidea nola aldatzen duten:
Esandakoa, irudi harrigarria da, baina ez aste honetakoa ezta Donostiakoa ere, askok whatsapp edo sare sozialen bidez jaso dutenean pentsatu duten bezala.