Gizartea -
Iruzur saiakera
Trafiko istripu faltsu baten bidez egindako iruzur saiakera antzeman dute Iruñean
Gazte bat adineko pertsona batengana gerturatu zen, aparkatzen ari zela, autoan kolpe bat eman ziola esanez. Iruzurgileak diru kantitate jakin bat eskatu zion, aseguru-etxeak agindu omen ziolako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Trafiko istripu faltsu baten bidez egindako iruzur saiakera antzeman du Iruñeko Udaltzaingoak.
Gertakaria asteartean jazo zen Nafarroako hiriburuko Villafranca kalean. Han, dotore jantzita zihoan gazte batek adineko pertsona bati aurpegiratu zion, aparkatzen ari zela, autoan kolpe txiki bat eman ziola.
Ustezko iruzurgileak aseguru-etxearekin hitz egiten omen zuen orduan. Jarraian, dirua eskatu zion ustez ibilgailuan kolpea eman zion lagunari, tramiteak errazte aldera, aseguru-etxeak eskudirutan ordaintzeko agindu ziola argudiatuta. Hori dela eta, banketxean elkartzea adostu zuten.
Zalantzen aurrean, biktimak Udaltzaingoari deitu zion, eta hitzordura joatea aholkatu zioten agenteek. Biktimarekin batera, udaltzainen patruila bat joan zen bertara, baina ustezko iruzurgilea ez zen agertu.