Gizartea -

Marta del Castillo auzia

Hiru urteko zigorra ezarri diote 'Cuco'ri, hilketa estaltzeagatik

Adingabeari gazte sevillarra bortxatzea eta hiltzea leporatzen zioten, baina absolbitu egin dute akusazio horiengatik eta hiru urte eman beharko ditu adingabeen zentro batean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

''Cuco'' ezizenez ezaguna egin den adingabeari hiru urteko zigorra ezarri diote eta denbora hori igaro beharko du adingabeentzako zentro batean Marta del Castilloren hilketa eta bortxaketa estaltzeagatik, gaur argitaratu duten ebazpenean agertzen denez.

Epaitegiak absolbitu egin du bortxaketa eta hilketa delituengatik eta delituak estaltzeagatik bakarrik zigortu du, eta adingabeen zentroan zigorra bete ondoren, bi urteko zaintzapeko askatasuna izango du.

Bortxaketa eta hilketa delituengatik absolbitzea kolpe gogorra izan da Marta del Castilloren familiarentzat, Jose Antonio Casanueva aitonak ebazpena jaso duenean azaldu duenez.

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak (biktimaren gurasoak) sei urteko zigorra eskatzen zuten, Adingabeen Zigor Legeak ezartzen duen zigor luzeena, bortxaketagatik eta hilketagatik.

Sevillako Auzitegiak datozen hilabeteetan epaituko ditu gainerako lau auzipetuak, denak adinez nagusiak, eta tartean egongo da Miguel Carcaño. Azken horren kontra 52 urteko kartzela-zigorra eskatu du Fiskaltzak 2009an gazte sevillarra bortxatu eta hiltzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea