Gizartea -
GERTAKARIA
Bilboko dendari bati eraso egin, eta M8ko hiru manifestari zauritu dituzte ihesean
Bi pertsona Rodriguez Arias kaleko dendara sartu eta jipoi bat eman zioten jabeari, lapurreta egiteko. Erasotzaileetako bat atxilotu zuten. Zaurituak ospitalera eraman zituzten.
EITB.EUS
Gizon bat atxilotu zuten atzo Bilbon, dendari bat atxiki, jipoitu eta lapurreta egitea leporatuta. Gainera, beste hiru pertsona ere zauritu zituen ihes egiten saiatzean, une horretan bertatik igarotzen ari zen Martxoaren 8ko manifestazioan zihoazen hiru pertsona, hain zuzen ere.
20:00ak aldera gertatu zen erasoa Muebles Sarmiento, Rodriguez Arias kaleko 55. zenbakian dagoen dendan.
Udaltzain batek gizon bat –dendako jabea- kalean laguntza eske eta odoletan ikusi zuen, eta berarengana joan zenean gertatutakoa kontatu zion: bi gizon dendara sartu eta 15 bat minutuz atxikita izan zutela, lotu egin zutela, jipoitu, eta 200 euro lapurtu zizkiotela.
Une horretan, Euskal Herriko mugimendu feministak deitutako manifestazioa egiten ari ziren eta jendetza zegoen kale horretan. Lapurretako batek hiru lagun zauritu zituen jende artean ihesi joan zenean.
Bi erasotzaileetako bat atxilotzea lortu zuten Udaltzainek eta jakitera eman dutenez, pistola simulatu bat, aipatutako 200 euroak eta, antza, aurrez beste denda batean lapurtutako sakelako hiru telefono atzeman zizkioten. Atxilotua 50 urte inguruko gizon bat da.
Bilboko Udaltzaingoak lapurrari atzemandako materiala. Argazkia: ETB
Zaurituak Basurtoko ospitalera eraman zituzten, eta Polizia bigarren erasotzaileen bila ari da.