Gizartea -

Gertakaria

Hiru pertsona desagertu dira txalupa bat iraulita, Zierbenan

Bost pertsona zihoazen itsasontzian eta horietako bi erreskatatu dituzte dagoeneko, iraulita zegoen ontziaren gainean zeuden, kostatik 13 miliara. Erreskatatu dutenetako bat 11 urteko mutikoa da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru arrantzazale desagertu dira Zierbenan (Bizkaia) itsasontzia irauli ostean, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez. Guztira bost pertsona zihoazen ontzian, bi erreskatatu dituzte dagoeneko, kostatik 13 miliara. Ontziaren gainean zeuden aurkitu dituztenean.

Berdela arrantzatzera atera ziren atzo eta portura ez zirela itzuli ikusita, senideek abisua eman zioten Ertzaintzari 22:00ak aldera. Orduan, Ertzaintzak, Guardia Zibilak eta Itsas Salbamenduko taldeak bilaketa dispositiboa jarri zuten abian.

Ertzaintzako iturriek eta Marcelino Elorza Zierbenako alkateak azaldu dutenez, bost lagunak atzo arratsaldean abiatu ziren Zierbenako portutik sei metro inguruko itsasontzi batean, hego haizea gogor jotzen ari zen momentu batean.

07:30 aldera aurkitu dute itsasontzia kostatik 13 miliara, iraulita, eta gainean bi pertsona zeuden bizirik: 11 urteko adingabe bat eta beste pertsona bat. Biak hipotermiak jota eraman dituzte Santurtziko portura, eta handik Gurutzetako ospitalera.

Hala ere, hiru pertsona desagertuta daude oraindik.

Zierbenako taberna batean lan egiten duen emakume batek azaldu duenez, bost arrantzaleak tabernatik pasatu ziren atzo arratsaldean garagardoa eta limoizko freskagarri bat erosteko.

Gaineratu duenez, erandiotarrak dira bost lagunak, eta haietako bat Bilboko udaltzaina omen da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea