Gizartea -
Mendia
Ertzaintzak bi mendizale erreskatatu ditu Txindokin
37 urteko Ordiziako auzokideak zenbait haustura jaso ditu, zonalde aldapatsu batean erori ostean. 36 urteko emakumea ospitalera eraman dute, bere egoera aztertu dezaten.
Erredakzioa
Ertzaintzako mendi erreskate talde batek Ordiziako bi auzokide erreskatatu ditu Txindoki mendian. Mendizaleek orientazioa galdu zuten eta horietako bat, gainera, hainbat haustura eta traumatismo jaso zituen, erorketa baten ondorioz.
Txindokiko gailurraren eta Amezketako errepikagailuen arteko zonalde aldapatsu batean erori zen 37 urteko gizonezkoa, hainbat haustura eta kolpe jasoz. Bai gizona bai 36 urteko emakumea ere Tolosako Ospitalera eraman dituzte, bere egoera aztertu dezaten.
Behin mendizaleen berri izanda, Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako Zerbitzuak erreskatea egiteko hainbat baliabide mugiarazi ditu tartean, Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileak, zaindariak eta mendi erreskate talde bat.
Bertako haize zakarra dela eta, mendizaleak erreskatatzeko saiakera bertan behera utzi behar izan du Ertzaintzako helikopteroak. Azkenean, lurrez iritsi dira mendizaleen zonalderaino eta bertan artatu dituzte.