Gizartea -
Gertakaria
Gizonezko bat atxilotu dute Laudion autoei harrika egiteagatik
Guztira 14 autok dituzte kalteak, kolpeen ondorioz karrozeria mailatuta dute eta argiak apurtuta. Ertzainei ere harriak jaurtitzearekin mehatxu egin zien atxilotuak.
Erredakzioa
38 urteko gizonezko bat atxilotu dute igandean Laudion (Araba) herrian aparkatuta zeuden 14 autori harrika egiteagatik.
Igandean, goizeko zortzirak aldera, jazo zen gertakaria. Hainbat bizilagunek Ertzaintzari gertatzen zenaren berri eman zioten.
Agenteak bertaratu zirenean gizonezko bat kalean aparkatuta zegoen auto baten argiak puskatzen ikusi zuten. Atxilotzeko garaian ertzainei harriak jaurtitzearekin mehatxu egin zien.
Kristalak apurtzearen eraginez atxilotuak zauriak zituen eskuetan eta osasun zentrora eraman zuten.
Inguruan egindako ikuskapen baten ondoren Ertzaintzaren agenteek guztira 14 autotan zenbatu zituzten kalteak. Gehienak argiak apurtuta zituzten eta harrikaden eraginez karrozeria mailatuta zuten.