Gizartea -
2050. urterako
Europar Batzordeak gasolina eta diesel autorik gabeko hiriak nahi ditu
Bruselak petrolioaren mendekotasunarekin amaitzea eta itsasoko garraioaren isuriak % 40 gutxitzea ditu helburu. Ekimenak martxan jartzeko, 1,5 milioi euroko aurrekontua izango dute.
Erredakzioa
Europako hirietan 2050. urterako gasolina eta diesel ibilgailurik ez egotea proposatu du Europako Batzordeak. "Petrolioarekiko menpekotasunarekin amaitzea posible da", azaldu du Siim Kallas Europako Garraioaren idazkariak, "garraioaren eraginkortasuna eta mugikortasuna galdu gabe, gainera".
Datozen lau hamarkadeetarako zenbait helburu zehaztu ditu Bruselak tartean, itsasoko garraioaren CO2ko isuriak % 40 murriztea, hegazkinek erabilitako erregaiaren % 40 CO2ko maila txikikoa izatea eta 2030. urterako abiadura handiko trenbidearen sarea hirukoiztea.
Guzti horrek ahalbidetuko du isuri kutsakorrak % 60 murriztea. Gainera, 2050. urterako Europako garraio arlo bakarra sustatuko du Batzordeak. Egitarau guzti hau betetzeko, 1,5 milioi euroko inbertsioa aurreikusi dute.
Aurkako iritziak
Bestalde, Greenpeace erakunde ekologistaren hitzetan, Europako Batzordeak ez du "inongo estrategia koherenterik proposatu". Erakunde honen ustetan, Bruselak beharrezkoak diren ekintzak martxan jartzea atzeratu besterik ez ditu egin.
Europako Ibilgailuen Elkarteak (ACEA) gaineratu duenez, "Europako Batzordeak ez du ezer konponduko motorrezko ibilgailuen murrizketa eskatuz, irtenbide malguak proposatzen ez baldin baditu".