Gizartea -

Indarkeriazko lapurreta

Bi gizon atxilotu dituzte Bilbon beste gizon bati eraso eta lapurreta egiteagatik

Hirugarren erasotzailearen bila ari dira. Biktimari ebakuntza egin behar izan zioten. Nonbait, hitzorduen webgune batean gizon batekin egin zuen zita, baina hiru agertu ziren eta jipoia eman zioten.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru gizonek beste bati labanaz eraso eta lapurreta egin zioten igandean Bilboko Santutxu auzoan, eta zaurituta kalean abandonatu zuten, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez. Horietatik bi astelehenean atxilotu zituzten (horietako bat espetxeratu dute jada), eta hirugarrena topatzeko lanetan dago Ertzaintza. Bien bitartean, biktimari ebakuntza egin zioten ospitalean, labankadetako batek birika zulatu ziolako.

Segurtasun Sailaren oharraren arabera, biktimak hitzorduen webgune batean beste gizon batekin egin zuen zita, martxoaren 10ean, arratsaldez. Bilboko parke batean geratu omen ziren, baina lekura iristean, webguneko gizona eta beste bi topatu zituen biktimak. Hiruren artean jipoitu zuten eta hainbat labankada eman zizkioten. Ondoren, lapurreta egin zioten.

Zaurituta utzi zuten kalean. Biktimak bizilagun bati laguntza eskatu zion eta horrek larrialdietara deitu zuen. Erietxera eraman zuten gizona, larri. Ebakuntza ere egin behar izan zioten, eskumako birika zulatuta baitzuen.

Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen, eta ustezko bi erasotzaileak identifikatu eta atxilotu zituen astelehenean. 19 eta 24 urteko bi gizonezkoek aurrekariak zituzten indarkeriaz egindako delituengatik. Nagusiena epailearen aurrera eraman eta espetxera bidali zuten astelehenean.

Hirugarren erasotzailea identifikatzeko lanetan dabil Ertzaintza.

Segurtasun Sailak erne ibiltzeko gomendioa eman du pertsona ezezagunekin internet bidez geratzeko orduan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ertzaintza EAE Delituak Santutxu Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Lapurretak albisteak