Gizartea -
Polemika eragin du
EBko Parlamentuak egile eskubideen araudiaren erreforma onartu du, Internet jomuga
Horren arabera, plataforma digitalek 'karga iragazkiak" jarri beharko dituzte 'copyright'arekin babestuta dauden edukiak mugatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Europako Parlamentuko osoko bilkurak egile eskubideen araudia moldatzeko erreforma onartu du gaur. Zuzentarauak polemika eragin du, eta aurrez aurre jarri ditu Google eta Youtube plataforma handien aurrean babesa eskatzen zuten sortzaileak eta neurria zentsura gisa erabiliko duten susmoa duten internautak.
Taldeek bi urte eman dituzte erreforma negoziatzen (Europako Ganberak aurreko testu bat baztertu zuen iazko uztailean), eta azkenean, gaur lortu dute adostasuna. 348 europarlamentarik bozkatu dute alde, 274k kontra eta 36 zuri bozkatu dute. Erreforma indarrean sartzeko azken aurreko pausoa izan da gaurko bozketa; Europako Batzordeak onartzea baino ez da falta.
Onartutako testuaren arabera, erabiltzaileen euren plataformetara igotzen dituzten edukiak kontrolatu beharko dituzte aurrerantzean Google, Youtube edo Facebook bezalakoek, edukiok copyright baimena ote duten egiaztatzeko eta, aireratzeko baimena edukiko ez balute, mugatzeko.
Horretarako, "karga iragazkiak" jarri beharko dituzte euren kodean, baimenik gabeko edukiak atzeman eta isunak saihesteko.
Sortzaile txikiak, kritiko
Iragazki horiek dira, hain justu, ika-mikaren iturburu nagusi. Zuzentarauaren alde daudenek diotenez, egileek euren edukiengatik jaso beharrekoa jasotzea bermatuko da. Erreformaren kontra daudenen iritziz, aldiz, adierazpen askatasuna mugatuko du eta sortzaile txikien lanari kalte egingo dio.
Teorian, iragazki horietatik kanpo gertuko dira parodia helburu duten edukiak —memeak eta gifak, esaterako— baina praktikan, eragingo diela uste dute askok.
Zuzentarauak hedabideen jarduna eta edukiak hobeto babestea ere du helburu. Hala, albisteen egiletza aitortzeko neurriak jarriko dituzte martxan.
Erreformak ez omen die eragingo Wikipedia bezalako sareko entziklopediei edota GitHub kode irekiko plataformei, ezta hiru urte baino gutxiago duten webguneei.
Horrez gain, albisteen zatiak —ez, ordea, testu osoa— partekatzea ahalbideratuko dute; horrek zuzenean eragingo die Memeame moduko albiste agregatzaileei.