Gizartea -
Bidaiaririk gabe
Pertsona bat zauritu da Iruñean bi hiri-autobusek elkar jota
Autobusetako bat bere bideari jarraitzeko moduan izan da. Bestea, aldiz, lekuan bertan geratu da galtzadaren zati bat oztopatuz. Ondorioz, auto-ilarak sortu dira.
Erredakzioa
Bi hiri-autobusen arteko istripuaren ondorioz, gidari bat arin zauritu da eta auto-ilarak sortu dira PA-30 errepidean, Iruñako ingurabidean, Nafarroako Gobernuak jakitera emandakoaren arabera. Bi autobusak bidaiaririk gabe zihoazen.
Istripua 06:45ean izan da, Artika eta Berriozarreko sarreren artean, Iruñerriko Mankomunitateko bi autobusek talka eginda. Biribilgune bat egiten ari dira bertan.
Istripua gertatu ondoren, autobusetako bat bere bideari jarraitzeko moduan izan da. Bestea, aldiz, lekuan bertan geratu da galtzadaren zati bat oztopatuz. Ondorioz, auto-ilarak sortu dira.
112-SOS Nafarroak anbulantzia bat bidali du, eta istripuaren ondorioz zauritu den gidaria, 45 urteko gizonezkoa, Nafarroako Unibertsitatea Klinikara eraman dute, istripuaren ondorioz zituen zauri eta kolpe arinak artatzera.