Gizartea -
NAFARROA
Nafarroako baso suhiltzaileak, giza baliabide gehiagoren eta prebentzio neurrien eske
Iragan neguan, hiru astetan soilik 90 sute izan direla azpimarratu, eta hainbat arrazoi eman dituzte: mendiak zikin egotea, tenperatura altuak eta hezetasun eskasa, eta larreei su emateko ohitura.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako baso suhiltzaileek giza baliabide gehiago eta prebentzio lan handiagoa eskatu dute, zelaiak eta basoak beste modu batera kudeatu ahal izateko. Zehazki, lurraldearen iparraldean larreak berreskuratzeko erreketak programatzea eta helburuak definitzea galdegin dute, eta erdialdean baso sabaiak erretzea.
Iragan neguan, hiru astetan soilik 90 sute izan direla azpimarratu, eta hainbat arrazoi eman dituzte: mendiak zikin egotea, tenperatura altuak eta hezetasun eskasa, eta larreei su emateko ohitura.
Ohar batean adierazi dutenez, udako eta neguko kanpainak ez dira nahikoak Nafarroako beharrei erantzuteko. Hori dela eta, negu garaian kontratatzen diren langileen kopurua handitzea eta kontratuen iraupena luzatzea eskatu dute.
"Lanerako sintonia berreskuratu beharko litzateke ganaduzaleekin eta udaletxeekin, azterketa bat egin eta zerbitzua hobetzeko ondorioak atera, kontrolik gabeko erreketak eta suteak saihesteko", gaineratu dute baso suhiltzaileek.
Suhiltzaileen esanetan, udal batzuek dagoeneko eskatu dute Tragsa enpresak baso suteak prebenitzeko egiten duen lana Nafarroako Gobernuaren bitartekoekin egitea. Izan ere, aipaturiko enpresak ez du asteburuetan eta jaiegunetan lan egiten, eguraldi baldintzak edozein direla ere.