Gizartea -
Madril
Gizon batek emaztea ito eta gorpua erakutsi du Internetez
Poliziak gizonezko bat atxilotu du haurdun zegoen emaztea hiltzeagatik. Hilotza webcam bitartez Errumaniako senideei erakutsi zien eta aita izan zen salaketa jarri zuena.
Erredakzioa
Espainiako Poliziak 21 urteko gizonezko bat atxilotu du Madrilen haurdun zegoen emaztea itota hiltzea leporatuta. Salaketa atxilotuaren aitak jarri zuen, izan ere, semeak webcam bitartez erakutsi zion 19 urteko emaztearen hilotza.
Gertakaria eta atxiloketa atzo gertatu ziren, Torrejon de Ardoz-en. Espainiako eta Errumaniako poliziek elkarrekin egindako lanaren ondorioz atxilotu zuten gizona.
Lehenengo informazioen arabera, ustezko hiltzaileak itota hil zuen emaztea eta webcam baten bitartez aitari erakutsi zion gorpua. Aitak, orduan, Errumaniako Poliziari eman zion abisua.
Hori horrela, Espainiako Poliziarekin jarri ziren harremanetan eta gizonezkoa atxilotzea lortu zuten.
Horrez gain, atxilotuak bikotearen etxean bizi zen 13 urteko ahizpa hiltzeko mehatxua adierazi zion aitari. Mehatxua bete aurretik, poliziak hiltzailea atxilotu zuen.
Bi nesken aitak egindako salaketak jarri zuen alertan polizia. Aitak berak emandako helbidera joan eta atxilotu zuten ustezko hiltzailea, 13 urteko neskatoa etxera itzuli aurretik.
Hildako emakumeak 5 hilabeteko haurdunaldia zuen, eta espero zuen haurra berea ez zela esan zion hiltzaileari. Poliziaren arabera, hori izan daiteke erasoaren jatorria, aurrez ez zuelako tratu txarren salaketarik aurkeztu.
2011. urtean indarkeria matxistaren ondorioz hil den 16. emakumea da.
"Bikote guztiek bezala, eztabaidak izaten zituzten"
"Bikote guztiek bezala", eztabaidak izaten zituztela adierazi du biktimaren amak. Bikotearen arteko arazoak ez zituela ezagutzen gaineratu du.
Haien arteko arazoen berririk ez zuela esan du amak, baina, bere ustez, edozein bikotek dituenaren "antzekoak" omen ziren.