Gizartea -
Alcorcon (Madril)
Ikastetxe batek 40.000 euro ordaindu beharko dizkio ikasle ohi bati
Hasieran, ikaslearen gurasoek erasoak jazoera bakanak izan zirela pentsatu zuten; ez zekiten, gero egiaztatu den bezala, taldeka egindako eraso iraunkorrak izan zirela.
Erredakzioa
Alcorconeko (Madril) Amor de Dios ikastetxeak 40.000 euro ordaindu beharko dizkie bost ikaskideren erasoa jasan zuen ikasle ohi baten gurasoei, Madrilgo epaitegi baten epaiaren arabera.
Auzitegiak gurasoen demanda onartu du; izan ere, “agerian gelditu da adingabeak erasoak jasan zituela eta kalte egin ziotela". Gainera, frogatutzat eman dute ikastetxeak “arduragabe” jokatu zuela, eta ez zela “erasoa egin zuten 14 urteko umeen gurasoekin harremanetan jarri".
Epailearen ustez, demandatuek ez dute gezurtatu perituen txostenak "erabat" egiaztatu zuena.
Epaiaren arabera, "erasoa Lehen Hezkuntzako 2. mailan hasi zen, baina hurrengo ikasturtera arte (2008-2009) gurasoek ez zuten erasoaren larritasun maila sumatu, eta 2009-2010 ikastaroan burutu zen".
Hasieran, ikaslearen gurasoek erasoak jazoera bakanak izan zirela pentsatu zuten; ez zekiten, gero hainbat adituk egiaztatu duten bezala, taldeka egindako eraso iraunkorrak izan zirela.
Epaian jasotzen denez, "ikastetxeak ez zituen zaintza eta kontrol neurriak agortu, eta ez zuen neurri gehigarririk hartu".
Espainian eskola jazarpeneko kasuetan inoiz eskatutako kalte-ordainik handiena da; hala ere, "eskatu ahal izan zutenaren herena baino ez da".
Epaia ez da irmoa, eta ikastetxeak apelazio errekurtsoa aurkeztuko du aste honetan.