Gizartea -
Polemika
Gasteizko apezpikuak ostegunean egindako adierazpen polemikoak argitu nahi izan ditu
Juan Carlos Elizalderen esanetan, elizak “sexu-orientazio guztiak" errespetatzen ditu. Era berean, “bere gorputza gehiago estimatu nahi duen edozein pertsonak eska dezake laguntza”.
Agentziak | Erredakzioa
Juan Carlos Elizalde Gasteizko apezpikuak agiri bat kaleratu du, ostegunean egindako adierazpenen harira. Elizaldek esan zuen homosexualek laguntza behar dutela "zauriak sendatzeko". Hain zuzen ere, modu horretan justifikatu zituen Alcala de Henaresko apezpikutzak "homosexualitatea osatzeko" emandako ikastaroak.
Elizaldek gaur kaleratutako agirian nabarmendu duenez, “aholku eta laguntza bila” doazen pertsonak elkartzen dira ikastaro horretan. Bere esanetan, izaera ezberdina dute denek, baina gehienetan “familiarekin edo afektibitatearekin lotutako gaiak" jorratzen dituzte. Gauzak horrela, azpimarratu du elizak ez duela “sendatu” hitza “medikuen ikuspuntutik” erabiltzen, “norbait aholkatzeko edo motibatzeko baizik”.
Gasteizko apezpikuaren esanetan, “bere gorputza gehiago estimatu nahi duen edozein pertsonak eska dezake laguntza”. Era berean, elizak “sexu-orientazio guztiak" errespetatzen dituela ziurtatu du.
Adierazpen polemikoak
Lumagorri Heterosexismoaren Aurkako Taldeak Juan Carlos Elizalde Gasteizko apezpikuari esan zion homosexualitatea ez dela "osatzen", baina "homofobia bai". Halaber, psikologoarengana joatea gomendatu zion apezpikuari, elkarrizketa hartan adierazi zuenaren harira.
Lumagorri HATen iritziz, Gasteizko gotzainaren hitzek "homosexualenganako gorrotoa erakusten dute", eta hainbat autonomia erkidegotan debekatuta dauden terapiak babesten dituzte. Gainera, Lumagorrik prelatuak parte hartzen duen ekitaldietara ez joateko eskatu die erakundeei; San Prudentzioren eta Estibalizko Andre Mariaren ospakizunetara, besteak beste.