Gizartea -
Bikote bati eraso egin zion
53 urteko gizona atxilotu dute, ume bati barrabilak erakusteagatik
Bi urteko umearen aitonak jarrera aurpegiratu zion eta atxilotuak 24 zentimetroko laban batekin mehatxatu egin zuen. Bilbon atxilotu zuten, iragan ostiralean.
Erredakzioa
Bilboko Udaltzaingoak 53 urteko gizonezko bat atxilotu zuen iragan ostiralean, bi urteko ume bati barrabilak erakustea egotzita. Umearen aitonak jarrera aurpegiratu zion eta atxilotuak 24 zentimetroko laban batekin mehatxatu egin zuen.
Bilboko Udalak ohar batean azaldu duenez, erasoa arratsaldeko 20:00etan izan zen, Bilboko Irumienta kalean. Gizonezko bat bere alaba eta 2 urteko umea kaletik zihoazela, 53 urteko atxilotuarekin egin zuten topo. Honek barrabilak erakutsi zizkion umeari eta hainbat zikinkeri esan zizkion.
Emakumeak eta gizonezkoak jarrera hori aurpegiratu zioten. Eta erasotzaileak, atzera egin ordez, bere etxera joan eta urdaiazpikoa mozteko 24 zentimetrotako labana hartuta itzuli zen kalera.
Bikotearekin topatu zen unean labankadak ematen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Izan ere, gizonezkoak ostikada batez labana esku artetik kendu zion erasotzaileari eta lurrera botatzea lortu zuen.
Bilboko udaltzainak bertara gerturatu zirenean 53 urteko gizonezkoa lurrean botata topatu zuten eta altxatzeko agindu ziotenean alkoholaren eraginpean zegoela frogatu zuten. Horrez gain, 24 zentimetrotako labana atzeman zuten agenteek.
Gizonezkoari exhibizionismo delitua eta arma zuriz eraso egiten saiatu izana leporatzen diote. Ez du oraindik epailearen aurrean deklaratu.