Gizartea -

Partikular baten salaketa

Kontratu bat desegin dute, telefonoa ezin zelako euskaraz erabili

Auzi-jartzaileak euskaraz erabil zitekeen telefono bat eskatu zion Vodafone enpresari. Ezinezkoa izanez gero kontratua baliorik gabe uztea eskatu zuen, baina konpainiak ezetz esan zion.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Telefono-enpresa batekin zuen kontratua baliorik gabe uzteko eskubidea onartu dio Bilboko Lehen Auzialdiko 4. Epaitegiak herritar bati. Demandatzaileak eskatu zuen hori, Vodafonek emandako telefonoa euskaraz erabiltzerik ez zegoela ikusita.

Epaileak Patxi Garcia Abascalek aurkeztutako salaketa onartu du. Abascalek euskaraz erabil zitekeen telefonoa emateko eskatu zion Vodafoneri. Ezinezkoa izanez gero kontratua baliorik gabe uztea eskatu zuen, eta Vodafonek ezezkoa eman zion.

2010eko apirilaren 21ean Patxi Garcia Abascalek Vodafoneren deia jaso zuen. Telefono konpainiak sakelako telefonoa aldatzeko aukera ematen zion, kontratu berri bat sinatuta. Kontratu horrek 18 hilabetez Vodafoneren bezeroa izatera behartzen zuen.

Bezeroa egun horretan bertan joan zen enpresaren denda batera, telefono berria hartu eta kontratua sinatzeko. Adostutako 18 hilabeteak igaro baino lehen telefono enpresaz aldatu nahi izanez gero 100 euro ordaintzera behartzen zuen kontratuak.

Geroago, telefono berria aztertu zuenean, euskaraz, bere ama hizkuntzan, erabiltzeko aukerarik ez zuela ikusi zuen.

2010eko apirilaren 26an, Garcia Abascal dendara itzuli zen eta telefono horren ordez euskaraz erabil zitekeen bat emateko eskatu zien dendariei.

Telefonoa euskaraz erabiltzea "funtsezkoa" zela azaldu zien bezeroak, eta aukera gutxiago edo kalitate txikiagoa izatea axola ez zitzaiola gaineratu zuen. Hala ere, dendan ez zioten beste telefonorik eman.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea