Gizartea -
HAUTESKUNDEAK
Ramon Gonzalo izango da Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore berria
Botoen % 61,27 eskuratu du. Sektore guztietan nagusitu da, ikasleenean izan ezik. Azken horretan Maria Jose Beriain gailendu da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ramon Gonzalo Garcia Seinalearen Teoria eta Komunikazioetako Arloko katedraduna izango da Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) errektore berria, botoen % 61, 27 eskuratuta.
Maria Jose Beriain Apestegia beste hautagaiak, berriz, botoen % 38,73 lortu du, Nafarroako Unibertsitate Publikoak zabaldutako datuen arabera. Guztira, 10.433 pertsona zeuden botoa ematera deituta.
Behin-behineko datuen arabera, Ramon Gonzalo sektore guztietan nagusitu da, ikasleenean izan ezik. Azken horretan Maria Jose Beriain gailendu da.
Parte-hartzea ezberdina izan da sektorearen arabera: % 87,46koa unibertsitatearekiko lotura iraunkorra duten irakasle doktoreen artean, % 64,6koa administrazioan eta zerbitzuan, % 46,8koa unibertsitatearekiko lotura iraunkorrik ez duten irakasleen artean eta % 10,95ekoa ikasleen artean.
Errektore izango den Nafarroako Unibertsitate Publikoko lehen ikaslea da.