Gizartea -

PENTSIODUNAK

Kalera irten dira berriz ere pentsiodunak, 'pentsio duinen' defentsan

Eguerdian egin dute manifestazioa Gasteizen, eta arratsaldean, berriz, Bilbon, Donostian eta Iruñean.

Pentsiodunen manifestazioa, Donostian. Argazkia: EFE
Pentsiodunen manifestazioa, Donostian
Milaka pentsiodun bildu dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta Eibarren

1:35

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko jubilatu eta pentsiodunak kalera irten dira berriz ere maiatzaren 11 honetan, "pentsio duinak" eskatzeko. Hauteskunde bezperan gauden honetan, ozen adierazi nahi izan diete politikariei "zein den bidea" eta "konpromiso zehatzak" eskatu dizkiete. Gasteizen, eguerdian izan da mobilizazioa, eta Bilbon, Donostian nahiz Iruñean, arratsaldean, 18:00etatik aurrera.

Gasteizen, Arabako Pentsiodunak plataformak deitutako martxa 12:00etan abiatu da Artium museoaren paretik eta, hiriko erdigunea zeharkatu ondoren, Foruen Plazan amaitu da. Bertan, manifestu bat irakurri dute bozeramaileek. Pentsio duinak bermatuko dituen sistema publikoa aldarrikatu dute.

"Lan asko dago egiteko. Hauteskunde orokorretako emaitzek gure aldarrikapenak betetzen laguntzea espero dugu, baina oraindik dena airean dago. Guk gure aldarrikapenak eginda ditugu, eta zain gaude Gobernu berriak aurrera atera ditzan", esan du Armando Aulestiarte plataformako eledunak.

Honela eman dute manifestazioaren berri ETB1eko Gaur Egunen:

Pentsiodunek 'konpromiso zehatzak' eskatu dizkiete politikariei
Pentsiodunek 'konpromiso zehatzak' eskatu dizkiete politikariei
Pentsiodunek 'konpromiso zehatzak' eskatu dizkiete politikariei

2:23

Erreibindikazioa Donostian

Ehunka gizon eta emakumek hartu dute parte Donostian ere pentsio duinak eskatzeko manifestazioan. Kasu honetan, Gipuzkoako Helduen Elkarteak deitu du protesta eta 18:00etan abiatu da Alderdi Ederretik.

Udaletxe aurrean hasi eta amaitu da, agiri bat irakurriz. "Pentsio publikoak babestu behar ditugu Euskadin", "Ez dugu pentsiorik onartu behar 1.080 euroren azpitik" eta "Ez dugu pentsio pobreak sortzen dituen enplegurik nahi" zioten hiru lema zeramatzaten pankartan.

Manifestazioa Donostia

Antzeko leloak oihukatu dituzte manifestazioan zehar, gaztelaniazko "no falta dinero sobran ladrones" edo "gobierne quien gobierne las pensiones se defienden" adibidez. Ikurrinak eta bandera feministak ere ikusi dira partehartzaileen artean.

Manifestazio jendetsua Bilbon

Bilbon egin dute martxarik jendetsuena. Kale Nagustik Udaletxera arteko bidea egin dute eta bertan, deitzaileeitako batek agiria irakurri du "Europan pentsio publikoen sistemen kontrako airea" dabilela ohartaraziz: "Politika neoliberalek eta lobbie ekonomiko zein finantzariek zerbitzu publikoen pribatizazioa nahi dute, pentsio plan pribatuak bultzatu nahi dituzte" salatu dute.

Horregatik, Maiatzaren 26an Europako Parlamentuko hauteskundeetara aurkeztuko diren hautagai guztiei, bai Euskadin bai Estatuan, "pentsiodunen eskariekin, pentsio duin eta publikoekin konprometitzeko" eskatuko dietela iragarri dute, eta era berean, konpromisoa hartu dezatela "exentzio bidez pentsio plan pribatuak bultzatzen dituzten araudiak bertan behera uzteko".

Manifestazioa BIlbo

Bizkaiko pentsiodunek astelehenero biltzen jarraituko dutela ere gogorarazi dute.

Iruñean ere kalera irten dira pentsiodunak

‘Gobernuan dagoena dagoelarik, pentsioak defendatzen dira' lelopean, Amona, Nafarroako Pentsionistak Martxan eta Sasoia taldeek Iruñeko kaleak zeharkatu dituzte larunbat arratsaldean, “pentsio publiko duinak” aldarrikatzeko.

Hala, ehunka pertsona elkartu dira gutxieneko pentsioa 1.080 eurora igo eta urteko erosmen ahalmena gutxienez KPIaren arabera ziurtatzea eskatuz. Benito Uterga Iruñeko pentsiodunen bozeramaileak esan du “zalantzak” dituztela Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen jarrerarekin, izan ere, “2025. urtera arte 0,25eko igoera ezarriko duela hitz eman dio Bruselari”.

“Hala izango balitz, pentsioen erosteko ahalmena nabarmen txikituko litzateke”, esan du Utergak, eta “azken urteotako lan erreformak kontuan izanik, pentsioek batez beste % 10eko erosteko ahalmena galdu dute”.

Gauzak horrela, Nafarroako Gobernua “diru-bilketen bitartez" gutxieneko pentsioak bermatzeko gai dela ziurtatu du Iruñeko pentsiodunen bozeramaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Pentsioak