Gizartea -
Gertakaria
Tabernari bati eraso eta mehatxu egin diote katana batez, Zornotzan
Ertzaintzak 29 eta 34 urteko bi gizon atxilotu ditu erasotzaileak direlakoan. Tabernaria Galdakaoko ospitalera eraman behar izan dute zaurituta.
Erredakzioa
Ertzaintzak 29 eta 34 urteko bi gizonezko atxilotu ditu bart Zornotzan (Bizkaia) tabernari bati jotzea eta katana batez mehatxu egitea leporatuta, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.
Erasoa goizaldeko ordu biak aldera gertatu da, taberna batean. Tabernaria lurrean botata buruan kolpeak zituela aurkitu du Ertzaintzak eta Galdakaoko Ospitalera eraman behar izan dute zaurituta anbulantzia batean.
Ustezko erasotzaileek katana bat erabili dute biktimari mehatxu egiteko, baina badirudi gero ez dutela eraso egiteko erabili.
Jipoia eman ondoren, ustezko erasotzaileek turismo bat hartu eta alde egin dute, baina Ertzaintzak autoa aurkitu eta barruan zihoazen bi lagunak atxilotu ditu. Gainera, katana bat atzeman dute autoan.