Gizartea -
Lapurreta saiakera
Bost gazte atxilotu dituzte Bilbon, gizon bati jipoia ematea leporatuta
Biktima ospitalean artatu behar izan zuten. Lapurreta saiakera igandean gertatu zen, Abando auzoan.
Agentziak | Erredakzioa
16 eta 18 urte arteko bost gazte atxilotu dituzte Bilbon, lapurtzeko gizon bati jipoia ematea egotzita. Biktimak aurre egin zien, eta Ertzaintzari abisua ematea lortu zuen. Gutxi geroago, ertzainek ustezko erasotzaileak Bizkaiko hiriburuko parke batean aurkitu zituzten.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, biktimak gorputzean kolpeak zituen, eta ospitalean artatu behar izan zuten.
Gertakaria igandean jazo zen, 06:50 aldera. Bost gaztek oinezkoari Abando auzoan eraso egin zioten.
Biktimaren hitzetan, oihu ez egiteko ahoan mukizapi bat jarri zion erasotzaileetako batek, beste batek immobilizatzen zuen bitartean. Beste hirurak zelatan ziren.
Gazteak poltsikoak miatzen hasi ziren, baina biktimaren erresistentzia ikusita, gizona astintzen hasi ziren.
Biktimak aurre egin zien, eta laguntza eskatu zuen, baina lurrera bota, ostikoak eta kolpeak eman zizkion erasotzaile taldeak. Azkenean, biktimaren jarrera ikusita, gazteek helburua lortu gabe ihes egitea erabaki zuten.
Gutxi geroago bost susmagarriak Casilda Iturrizar parkean topatu zituen Ertzaintzak. Ertzainek gazteak identifikatu eta atxilotu zituzten, biktimak lapurreta saiakeraren egileak zirela esan ondoren.
16 eta 18 arteko atxilotuak ertzain-etxera eraman zituzten, ikerbidea abiatzeko.
Ondoren, adingabeak deklaratzera deitu eta senitartekoen esku utzi zituzten; nagusiak, aldiz, epailearen esku jarriko dituzte datozen orduetan.