Gizartea -

Harrapatzea

Amurrion ziklista batek harrapatu zuen 62 urteko emakume bat oso larri dago

Emakumea Emakumezkoen Arabako Itzuliko parte-hartzaile batek harrapatu zuen, publikoari hesiz itxitako eremu batean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

62 urteko emakume bat larri zauritu da gaur, asteartearekin, joan den igandean kirol proba batean parte hartzen ari zen txirrindulari batek helmugatik gertu, publikoari hesiz itxitako eremu batean, harrapatuta.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak eta Arabako Txirrindularitza Federazioak baieztatu dutenez, igandeko, maiatzak 11, 13:00etan jaso zen harrapatzea, Emakumezkoen Arabako Itzulian.

Nahiz eta hasieran zenbait iturrik emakumea hilda zegoela esan duten, sendiak ukatu egin du eta, eitb.eus-i adierazi dioenez, emakumeak oso larri jarraitzen du.

Helmuga igaro eta 30 edo 40 metrotara, 62 urteko ikusle batek publikoarentzat hesiz itxita zegoen zebrabide bat gurutzatu zuen, Kantabriako talde batekin lehiatzen den asturiar ziklista bat abiadura handian zetorrela.

Txirrindulariak ikuslea jo zuen, eta biak Galdakaoko ospitalera eraman zituzten, zaurituta.

Ziklistak ez zuen zauri larririk jaso eta igandean bertan eman zioten alta, baina 62 urteko emakumea ospitaleratuta gelditu zen, larri.

Julia Liberal Arabako Txirrindularitza Federazioko presidentearen hitzetan, harrapatu zuten emakumeak ez zien segurtasun zerbitzuko kideen oharrei jaramonik egin, eta “bere burua errepidera bota zuen” hesiz itxita zegoen eremu batean.

Liberalek azaldu duenez, bera pixka bat lehenago egon zen harrapatzea izan zen tokian bertan, garaikurrak eramatera joan aurretik, eta erantsi du segurtasuneko arduradunak gelditu zirela eta emakumeak zeharkatu zuen zebrabidean hesiak zeudela jarrita.

Horren arabera, asturiar ziklista orduko 60-70 kilometroko abiaduran zihoan emakumea harrapatu zuenean, helmugara esprintean iritsi baino ez. Horregatik ez zuen ikusi errepidea zeharkatzen ari zen ikuslea. Gainera, ziklistek ez dute zalantzan jartzen eremua libre izango dutela bertatik pasatzean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripu Hilgarriak Trafikoa Amurrio Gizartea Gorobel magaleko kuadrilla